GARA Euskal Herriko egunkaria

HERRIKO SEMEAK DIRA

Igande honetan etxean egingo dute arraun Cabo da Cruz-eko Natalia Tubio patroiak eta Benigno Lojo arraunlariak. Lojok 26 urte daramatza tostartean; Cabon egin ditu sasoi guztiak, hiru izan ezik. Tubiok Galiziatik Euskal Herrira egin zuen salto, eta aurten berriro etxeko ontziko popara itzuli da.

Ezkerreko irudian, Benigno Lojo istriborreko lehenengo tostan, Zierbenako estropadan. Orrialde honetan, goian, Natalia Tubio Caboko patroia Zierbenan, patroi onenaren saria ospatzen. (Andoni CANELLADA - Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Herriko semeak dira Natalia Tubio (Boiro, 1999) eta Benigno Lojo (Boiro, 1982). Cabo da Cruzen ari dira arraunean, etxeko traineruan. Igande honetan, herriaren aurrean egingo dute arraun. «Iaz etxeko estropada balitz bezala disfrutatu nuen. Zorte handia izan genuen eta txanda irabazi genuen. Taldekideek opari hori egin zidaten. Aurten, are politagoa izango da. Etxeko estropadan etxeko traineruarekin arraun egitea... uste dut oso gutxitan egin dugula Caboko estropadan arraun, eta Euskotren Ligan izanda, estropada berezia izango da», adierazi du Hibaikako patroi ohiak.

Batak zein besteak barru-barrutik bizi du arrauna, ibilbidea guztiz desberdina egin duten arren. Tubiok txiki-txikitatik heldu zion arraun luzeari, 6-7 urte zituela. «Bizilaguna arraunean ibiltzen zen, eta egun batean nire etxera etorri zen arrauna probatu behar nuela esanez. Txikia naiz, oso argala, eta badakizu, patroi jarri ninduten».

Lojok bizitza erdia baino gehiago darama arraunean. «Cabon daramat bizitza osoa, eta ez nuen aldatuko inora joateko. Hemen uzten didaten bitartean, familiak uzten didan bitartean, eta gorputzak irauten duen bitartean, hementxe jarraituko dut». 16 urte zituela hasi zen. «Nire aita hil egin zen, eta bide txarretik nindoan, eta lagun bati esker arraunean sartu nintzen. Harrapatu ninduen, uzteko egon nintzen hiru edo lau aldiz, baina hau droga bat bezalakoa da, droga on bat».

Cabo da Cruz traineruarekin egin zuten debuta urrezko mailan. Tubiok gogoan du 2013tik TKEra igo nahi zutela, saiakerak egiten ari zirela eta bat-batean igoera lortzea «sekulakoa» izan zela: «Klubarentzat ilusioz betetako proiektua izan zen. 16 urterekin haur bat nintzen, Euskotren Ligako ontzi baten gidari...». 2016an lehiatu ziren gorengo mailan estreinakoz. Lojok, berriz, 2003an egin zuen arraun aurrenekoz urrezko mailan. «Castron izan zen lehen estropada, eta gogoan dut seigarren egin genuela. Animaliak ziren arraunlari guztiekin... eta guk ia jakin gabe zeri aurre egin behar genion...». Arraunean duen oroitzapen politenetakoa da.

ETXEAN BAINO HOBETO, INON EZ

Denboraldi gehienak herriko traineruan egin dituzte, baina Galiziako beste taldeetan eta herrialdetik kanpo ere ibili dira. Arraunlaria Kantabrian eta lemazaina Euskal Herrian. Lojok ia denboraldi guztiak Boiron egin ditu, hiru izan ezik: 2008an Rianxon, 2011n Pedreñan eta 2012an Castron.

Aho bizarrik gabe adierazi du Caboko arraunlariak deitu izan diotela Galiziako beste taldeetatik eta bere erantzuna beti izan dela etxean oso ondo zegoela: «Eskaintza oso ona izan arren, eskaintzen zidatena hementxe nuen etxe alboan». Orduan, zergatik joan zen Rianxora? 2007ko denboraldia «zaila» izan zelako. «Ia denboraldi erdia pasatu genuen azken postuetan, amaieran estutu genuen arte. Azkenean, hamargarren geratu ginen. Arrauna uzteko egon nintzen, baina Caboko arraunlari ohi batek, lagun batek, deitu zidan, eta gertu zegoenez, hara joan nintzen».

Urtebete egin zuen Rianxon, eta berriro ere Boirora itzuli zen. 2010ean «oso ondo» aritu ziren. «Igo nahi genuen, baina klubak erabaki zuen kanporaketetara joaten baginen jendea joan egingo zela». Orduan, 2011n Pedreñara joan zen. «Polita» izan arren, ez zitzaion «asko» gustatu: «Genuen talderako, sailkapenaren erdialdean geratu ginen». Castron, ordea, «asko gozatu» zuen. «Jose Antonio Cuero nuen taldekide, lagun eta entrenatzaile handia da, eta ezagutzen nuen jende asko zegoen han. Taldekide oso onak izan nituen».

«SEGUNDO BAT BERA ERE EZ»

Lojoren antzera, Tubio ere Galiziako ontzi batetik bestera pasatu zen. Hain justu ere, Caborekin 2016an urrezko mailan debutatu eta urtebetera. Lemazainak azaldu du klubaren barnean arazo txiki batzuk izan zituztela, eta ez zirenez gai izan irtenbidea bilatzeko, taldea erabat banandu zela. Hainbat taldekide Riveirara mugitu ziren. «Kirola ez uztearren jarraitu genuen. Hainbeste maite genuen kirolean jarraitzeko». Urte batean Kontxarako sailkatu ziren Riveirarekin: «Sekulakoa izan zen, Kontxa irabaztetik gertuen egon ginen urtea izan zen».

Riveiran hiru urte egin, eta Euskal Herrira salto egin zuen. «Sandra Piñeiro taldekide ohia Oriora joan zen, eta bera ikustea nola ari zen ametsa betetzen... Interesa piztu zitzaidan». Hala, egun batetik bestera, Tubioren lagun batek Maialen Alkorta Donostiarrako arraunlariari esan zion patroia talde bila zebilela eta Euskal Herrira joan nahi zuela. «Segundo bat bera ere ez nuen pentsatu».

2019ko Donostiarrako lehen urtea «idilikoa» izan zen Tubiorentzat, bera baietzen taldeko patroi bakarra. Hurrengo urtean, berriz, Nerea Perez patroia etorri zen, eta txandakatzen joan ziren. Hirugarrenean, baina, kasik ez zuen arraun egin. «Entrenatzaileak uste zuen trainerua hobeto zihoala ni gabe. Erabaki teknikoa da, eta errespetatu egin behar da».

Orduan, Tubiok arrauna utzi nahi izan zuen. Iñaki Mendizabalen «belarrietara iritsi» zen, ordea, Tubio Donostiarran zegoela eta arrauna utzi nahi zuela. Hark deitu, eta iaz Hibaikara joan zen. Errenteriako klubaz hitz gozoak besterik ez ditu. «Esperientzia oso polita izan da. Etxeko klub bat zen, taldekideak beti berdinak, multzo ederra... Haietako bat sentitu nintzen. Uste dut esperientzia hori berriro bizitzea zaila izango dela».

Eta orain, bada, Hibaikan hain gustura bazegoen, zergatik hartu du berriro ere etxerako bidea? «Azken urteetan ikasten ari nintzenez, Donostian bizitzeko aukera nuen. Azken urtean, baina, praktikak ditugu, eta Galiziara bueltatu behar izan dut, unibertsitateko ikasketak bukatzeko. Emakumezkook ezin gara arraunaz bizi, gizonezkoek agian egin dezaketen bezala. Pena eman zidan Hibaika uztea, baina ikusita Cabon urte bat egiteko aukera nuela, Galizian lan egitea aukeratu nuen».

HONDARRIBIKOA, «HISTORIKOA»

Lojok badaki zer den herriko traineruarekin bandera bat astintzea, baita bi ere. Gainera, bi garaipenak Hondarribiko estropadan lortu dituzte: 2004an eta 2018an. «Klubaren historia markatzen duten estropadak dira. Estropada berezia da Hondarribikoa. Irabazteko politenetarikoa da. Ikustea bakarrik jendeak nola txalotzen zaituen, irabazi edo galdu... Ez da Kontxa bat, baina bandera historikoak dira».

Patroiak, ordea, ez du astindu banderarik Caborekin. Donostiarrarekin, aldiz, bai. 2020an Zierbenan eta Orion. Tubioren ametsa oraintxe bertan ez da Kontxa bat, liga bat edo bandera bat astintzea, nahiz eta denek amestu horrekin: «Ametsa oraintxe da talde batean arraun egitea, talde horren helburuen barruan, bat den multzo batean arraun egitea, eta pixkanaka pausoak ematea».

Boiron zer moduz ari den galdetuta, lemazainak nabarmendu du 2016ko sentsazioa berreskuratzea dela. «Harro egoteko modukoa da. Cabo bezalako talde bat, behetik hasi zena, 2012-2013 urtean atera genuen lehen trainerua, ni bertan nengoen, eta orain ikustea kluba berriro ere goran dagoela... Pribilegio bat da».

«Nahiko traineru lehiakorra» dute, Tubioren hitzetan. «Iaz baino maila zertxobait altuagoa dugu, eta denek aurrerapausoa eman dute. Lehiaketak heldutasuna ematen dizu. Gutxi gorabehera gure txandan badago lehia, ez iaz bezala, ez zegoela aulki-jokorik. Lehen Hondarribiak irabazten zuen, eta ondoren Hibaika, Cabo eta Tiran ailegatzen ziren. Orain gauzak ez daude hain argi». Mailari eusteko mentalki denboraldi «gogorra» izango den arren, Tubiok uste du klubak «aurrerapausoa» eman duela, talde «helduagoa» eta «sendoagoa» dela.

Sasoi honi begira, gizonezkoen kasuan, Lojok adierazi du dinamika «on» batean daudela: «Ea lehen txandan liderrak garen edo bigarrenaren erdialdean gauden. Galiziako arraunaren erreferentzia izaten jarraitu behar dugu». Arraunlariak nabarmendu du bidaiek asko higatzen dutela, eta hor segundoak joaten direla.

Bidaien harira, Tubiok esan du orain arte bera beste aldean egon dela, bi asteburu Galiziara bidaiatu eta kito. Orain, ordea, kontrakoa egitea egokitzen zaio. «Bidaiak pisutsuak dira. Zortzi aldiz joan eta beste hainbeste etorri. Aste bat bai, eta bestea ere bai. Hiru egun etxetik kanpo... Gauza negatiboak ditu: errepidean denbora luzez, higadura... baina gauza onak ere baditu, eta horietan pentsatu behar dugu. Hiru egunez 24 orduz taldekideekin zaudela, konfiantza duzula entrenatzen zaren horiekin...».

Galiziako ontziren batek Eusko Label Liga inoiz irabaziko ote duen galdetuta, Lojok adierazi du 2003an Mecos egon zela gertuen hori lortzetik. «Sekulako taldea zuen, arraunlari oso onak zituzten, Joseba Fernandez ere bazegoen. Oraintxe bertan hiruzpalau talde daude... Bermeok erraztasuna du jende oso ona ekartzeko, galiziar asko dauzkate. Ematen du galiziarrak daudela talde askoren maila igotzeko. Eusko Label Liga bat hona etortzea zaila ikusten dut. Galiziar guztiak elkartu beharko genituzke hemen, David Iglesias, Oscar Viudez, Julian Villanuste, Manuel Caneda... asko dira. Maila ona izateko horiek guztiak ekarri beharko genituzke, eta hor beharbada aukerak izango genituzke».