GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
JOHN CABANG
Atleta

«Bi urtean etengabe lehiatzen ibili gara; lanak fruituak ekarri ditu»

Puntuen sailkapenaren bitartez sailkatu da John Cabang (2001, Irura) Olinpiar Jokoetarako. Filipinetako selekzioarekin lehiatuko da 110 metroko hesidunean, abuztuaren 4an. Azken asteetan izan duen lesio bat tarteko, ez du nahi bezainbeste findu prestakuntza. Asmoa finalerdietarako sailkatzea da.

(Jon URBE | FOKU)

Filipinetakoa da jaiotzez John Cabang, baina 3 urterekin Irurara iritsi zen, eta geroztik bertan bizi da. Hesiak gustatzen zaizkio, nahiz eta proba hori egiteko ohi baino baxuagoa den. «Txikia naiz, eta teknikoki oso ona izan behar naiz. Hutsen bat eginez gero, lasterketatik kanpo geratzen naiz». Zailtasun hori gustuko du Cabangek.

22 urte besterik ez ditu, eta estreinakoz Olinpiar Jokoetarako txartela lortu du. Espainiako selekzioari uko egin, eta iaz lehiatu zen aurrenekoz Filipinekin. Joan den maiatzean 110 metroko hesidunean Euskadiko errekorra birrindu zuen, bai eta Filipinetakoa ere: 13 segundo eta 37 ehunen. Pista estaliko Asiako Txapelketan, 60 metroko hesidunetan, brontzezko domina kolkoratu zuen.

Nola doaz azken aste hauek?

Ondo, gehienbat urduri, baina lasai nago. Behin barruan egonda, gorputzak lasaitasuna sentitzen du.

Atletismoan dagoen zita garrantzitsuenera joango zara. Zer esan nahi du zuretzat Olinpiar Jokoetarako sailkatzeak?

Azkenean lan dezente egin dugu. Aurreko urtetik ez gara gelditu. Bi urtez ez naiz gelditu ere egin; lehiatzen ibili gara etengabe, baina lanak fruituak ekarri ditu. Beraz, ondo sentitzen naiz.

Aipatu duzu azken bi urteak gogorrak izan direla, baina agian azken laurak ere bai?

Iaz joan nintzen aurrenekoz Filipinetako selekzioarekin, eta orain dela lau urte oraindik gaztea nintzen eta ez nituen hesi hauek saltatu ere egiten.

Uztail hasieran jakin zenuen Pariserako txartela lortua zenuela. Nolakoak izan ziren egun horiek? Berez, 110 metroko hesiduneko marka ez zenuen lortu, 13 segundo eta 27 ehunen, baina oraindik ere, oker ez banago, Asiako gonbidapenen esperoan zeunden.

Gonbidapenengatik ez zen izan, puntuen sailkapenagatik baizik. Gutxieneko marka 25 atletak egin zuten, eta 40 atletarentzako lekua dago. 28. postuan nengoen rankingean. Beraz, horregatik joango naiz. Pixka bat urduri nengoen; bagenekien sartu egingo nintzela, baina zerrenda ofiziala atera arte, urduri nengoen.

Eta zerrendan zure izena ikusi zenuenean?

Hor jada lasaitasuna. Nire entrenatzailearekin hitz egin nuen, batez ere nola entrenatuko nintzen zehazteko. Azken bi asteok antsietatearekin egon naiz, lehiatu egin behar nuen, eta gauzak ez zitzaizkidan ateratzen. Baina orain lasai nago.

Zure errekorra 13 segundo eta 37 ehunenekoa da. Joan den maiatzaren 8an lortu zenuen, Euskadiko errekorra birrinduta, baita Filipinetakoa ere. Marka oso ona da zuretzat?

Bai, oso ona da, baina badakigu pixka bat gehiago eman dezakedala. Handik bi astera, 13 segundo eta 38 ehuneneko egin nuen. Beraz, bitan zutoin bera jota, gol bat sartu beharko dut.

Hirugarrenean asmatzen dela esan ohi da. Hirugarrena Parisko Olinpiar Jokoetan izan dadila?

Bai, hori da. Hori espero dut.

Atletismoan ehunenekoak jaistea zaila izaten da. Azken aste hauetan lanketa berezia egin duzu ehuneneko horiek jaisteko?

Lesio batekin nabil, jada buelta ematen, baina entrenamenduetan ezin izan dut findu. Hala ere, indartsu sentitzen naiz; Parisen borrokatzeko moduan egongo naiz.

Zein lesio izan duzu?

Fasziitisa eduki nuen, oinekoa. Baina bueltan nago, oraindik zertxobait minduta dut, baina bueltan nago.

Nolakoa izan da Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko bidea?

Iaz oraindik bagenuen ametsa Olinpiar Jokoetara joateko, baina hori zen, amets bat. Gero, urte bukaeran, uztailean eta urrian bi lehiaketa oso on izan nituen Asiako Jokoetan eta Asiako Txapelketan. Hor ametsa beharrean helburua bihurtu zen. Hortik hasi ginen uztailean, eta aurten txapelketa asko izan ditut pista estalian, hirugarren geratu nintzela, eta Munduko Txapelketak. Ondoren, Filipinetako Txapelketan izan naiz, eta batez ere horrek eman zidan Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko aukera.

Filipinetako taldean lehiatzen hasi zinen iazko otsailean.

Hor nahiko urduri nengoen, Asiako Txapelketan nazioarteko lehen lehiaketa zen. Gainera, jendeak ez zekien ingelesez; beraz, hitz egiteko pixka bat zaila nuen. Hamargarren geratu nintzen, eta horrek eskarmentua eman zidan.

Horretaz gain, aurten Asiako Txapelketan aritu zara, kasu honetan 60 metroko hesidunean, eta hor zure marka pertsonala ondu duzu, 7 segundo eta 64 ehunen eginda. Brontzezko domina eskuratu duzu.

Bai; gainera, hor ere bi aste nahiko txar eduki nituen. Antsietatearekin nengoen, eta horrekin azkarrago korritu nahi nuela... Ez ziren aste onenak izan. Kirol-psikologoarekin lan asko egin nuen, eta irabaztera joan nintzen. Horrela atera nuen marka hori.

Bi urte hauetan, zenbakiez eta markez harago, zertan gozatu duzu gehien?

Garrantzitsuena entrenamenduak izan dira. Hor sentitu naiz momentu onenean, baina beti hor dago txapelketa bat irabaztea edo txapelketa handietan parte hartzea. Hori dut gustukoen; izan ere, oso lehiakorra naiz, eta asko gustatzen zait lehiatzea.

Hesien proba gustatuko zaizu gehien. Zer dute hesiek?

Txikia naiz, eta teknikoki oso ona izan behar naiz. Hutsen bat eginez gero, edo hesi bati emanez gero, lasterketatik kanpo geratzen naiz. Baina zailtasun hori gustuko dut.

Parisera joateko maleta prest duzu?

Hemendik astebetera-edo joango naiz, eta oraindik ez dut prest maleta. Azken unean egiten duten horietakoa naiz.

Aldartez nola ikusten duzu zeure burua?

Ondo. Bereziki azken aste hau nire entrenatzailearekin, kirol psikologikoarekin, fisioarekin eta medikuarekin lanean aritu naiz, eta jada buelta ematen ari gara. Gero eta indartsuago ikusten dut neure burua, eta horrek konfiantza ematen dit.

Zein asmorekin joango zara?

Lehenengo gauza izango da disfrutatzea, eta gero badaude beste helburu batzuk. Nire marka pertsonala egitea, eta finalerdietarako sailkatzea. Baina kontua zaila dago eta ea zer moduz joaten den.

Lehen kanporaketan 40 parte hartzaile izango zarete. Horietatik 24 finalerdietara pasatuko dira.

Ondo joaten bada, uste dut pasako naizela, baina dena ondo joan behar da.