19 JUIL. 2024 Errenteriara, Mutrikura, Antzuolara eta Ordiziara iritsiko dira jaiak egun hauetan Madalenen txanda iritsi da Gipuzkoako zenbait herritara; Errenteriara eta Mutrikura, besteak beste. Antzuolan ere festetan dira eta Ordizian hasiko dira Santa Ana jaiak. Etzi, igandean, hasiko dira jaiak Mutrikun. (Aritz LOIOLA | FOKU) GARA DONOSTIA Madalena eguna astelehenean ospatuko bada ere, Errenterian eta Mutrikun hainbat jai ekitaldi antolatu dituzte asteburu honetarako. Horrela, ERRENTERIAN gaur arratsalderako “Ongi Etorri Madalenak 2024” jaialdia dago iragarrita, herriko talde eta elkarteen partaidetzarekin, eta herriko erakunde eta pertsona gonbidatuekin. Biharko, berriz, kirol txapelketak, herri bazkaria, dantzari eta txistularien emanaldiak, kontzertuak eta akelarre feminista daude iragarrita, eta txupinazoa igandean izango da. Ohi bezala, lehenbizi mila koloretako txupinazo txikia egingo dute eta jarraian txupinazo nagusia, aurtengo jaietan omendua izango den DYA Gipuzkoa elkartearen eskutik. Holi festa ere egingo da eta Zumardian jarritako pantaila erraldoi batean ikusi ahal izango da, baita Herri Bizia web orrialdean ere. Eguna amaitzeko, Gaueko Danborrada Handia eta kontzertuak izango dira. Egitaraua bost egunekoa izango da, Santiago egunera artekoa. Musika atalari dagokionez, aurten ere programazio zabala prestatu dute honako talde eta abeslariekin: Eñaut Elorrieta eta txistulariak (bihar); Eire eta Delirium Tremens (igandea); Zilibito Records eta Leize (astelehena); Rodeo, Sukena eta Oihan Vega (asteartea); Olgetan erromeria eta Anje Duhalde (asteazkena) eta Kalakan eta Ilargi (osteguna). Udalak nabarmendu duenez, jaiak partaidetzan oinarritzen dira eta, aurten, herritarren inplikazioan sakontzeko, formula berriak esploratzen jarraitu nahi izan dute; besteak beste, Gazte Guneko egitaraua osatzeko sare sozialak erabili dituzte eta aurtengo omendua erabakitzeko herritarren batzorde bat osatu dute. Era berean, Jai Batzordearen eginkizuna azpimarratu du. MUTRIKUN ere uztailaren 21etik 25era ospatuko dituzte Madalen jaiak. Hala ere, bihar txosnagunean txupinazoa botako dute 12.30ean, eta ondoren herri bazkaria egingo dute, Bizixo jai konpartsak antolatuta. Arratsaldean Txaranga A La Mutrikuarra irtengo da, txosnen irekiera egingo da eta “Ez dugu erasorik onartuko” lemapean manifestazioa abiatuko da batukadarekin. Jaietako txupinazo ofiziala igandean botako dute, arratsaldeko seietan eta ondoren erraldoi eta buruhandien konpartsa aterako da, txistu taldeak lagunduta. Segidan, Bizixori agurra eta karropoteoa egingo dira, baita larrain dantza herrikoia eta danborrada ere. Jai egitaraua ostegunera artekoa izango da. Musikari dagokionez, honako taldeek joko dute: Afrika Bibang, Oihan Vega, Puro Relajo, Dantza Saltsa eta Bulego, Orrues, Desgaraian, Akaleia, Mugi Panderoa eta Bide Batez. Bertso saioa ere izango da Amets Arzallus, Alaia Martin eta Ane Labakarekin. ANTZUOLAN dagoeneko hasi dituzte jaiak. Atzo bota zuten jaien hasierako suziria eta, azken urtean jaiotako haurrei eta herriko bi adinduenei zapia jarri ondoren, herriko bandera eta ikurrina jaso zituzten. Aurten, Oinarin dantza taldeak izan du ikurrina jasotzeko ohorea, «urte luzez, belaunaldiz belaunaldi, boluntario lanetan herriko ume zein nagusiei dantzak erakusten egindako lanagatik esker on eta aitortza adierazteko», Olatz Lezeta alkateak adierazi zuenez. Gaurko, herri bazkaria, jolas parkea, kuadrillen arteko ginkana eta erromeria daude iragarrita, besteak beste. Larunbatean (uztailak 20), berriz, Antzuolako alarde ospetsuaren edizio berri bat izango da 19.00etatik aurrera. Aurten, gainera, azken aldiz joko dute espainiar Borboi etxeko martxa militarra eta datorren urtean herriaren izaera hobeki islatzen duen abesti berria estreinatuko dute, Ion Gurutz Biteri musikariak konposatuta. Iaz bezala, aurten ere Zishan Tariq-ek, pakistandar jatorria duen antzuolarrak, beteko du Abd al-Rahman buruzagi islamiarraren papera. Egitarauak igandean jarraituko du, herri bazkariarekin, bigantxekin, larrain dantzarekin eta kontzertuekin, gaueko 23.00etan hontzaren igoera egin aurretik. Herriko plazan honako taldeek joko dute: Iratzar, Joselu Anaiak eta Gari; eta txosnagunean, beste hauek: Buru Gabe, Neallta Fola eta Argitu, eta Harrikada, Dirty Old Gasteiz eta DJ Kepix. ORDIZIAN , azkenik, Santa Ana jaiak gainean dituzte. Egun nagusia datorren ostiralean izango bada ere (uztailak 26), asteburu honetan zenbait ekitaldi izango dituzte, bai Udalak zein txosna batzordeak antolatuta. Horrela, egitarau ofizialean haurrei zuzendutako ekitaldiak izango dira nagusi. Larunbatean (uztailak 20) haur jaioberriei zapia emateko ekitaldia egingo da, eta eguerdian txupinazoa botako dute, haurren egunari hasiera emanez. Ondoren, umeen bazkari herrikoia egingo da eta arratsalde-gaua ekitaldiz beteta egongo da: dantzaldia, ur parkea, buruhandi eta erraldoiak, txikien kuadrillen kalejira, mozorro dantzaldia, zezensuzkoa eta kontzertua. Igande goizean haurren alkate jaun-andreei harrera egingo zaie eta arratsaldean danborrada abiatuko da. Txosnagunean, gaur arratsaldean egingo dute pregoia eta ondoren bizi-poteoa abiatuko da, eguna kontzertuekin bukatu aurretik. Igandean, gazte bazkaria egingo dute eta gauean DJ saioa. Kontzertu hauek daude iragarrita: Rockalean, Golden Apple Quartet, Los Tenampas, Urrats eta London Orkestra, Hilerri, Arrixku, Katu, DJ Atenenas, DJ N-Lezz, Stepi Selektah, Bassagain Soinu Sistema, DJ Tintz, Balantza erromeria, Mutiko eta Jon Ritter. TXUPINAZOAAsteazkenean botako dute Ordizian txupinazo ofiziala, eguerdian. Ordizia Igeriketa, Ordizia Rugby eta Urdaneta ikastetxeko ordezkariak izango dira arduradunak aurten.