GARA Euskal Herriko egunkaria

«The Office» berriaren zain


The Office” 2013. urtean amaitu zen, zoritxarrez, eta urteen poderioz ikusle askoren umorezko telesail kutuna bihurtu da. Pertsonalki, pantaila txikian, eta komediaren arloan, inoiz egin den telesailik onenetarikoa iruditzen zait. Dokumental faltsu formatuan grabatua da eta Dunder Mifflin izeneko paper enpresa baten egunerokoa azaltzen du. Tira, enpresarena baino bertako langile xelebreena. Aktoreak eta pertsonaiak dira izenburu zoragarri honen bizkarrezurra.

2013. urtean amaitu zela esan dudan arren, albiste pozgarri batekin alaituko dut zutabe hau: “The Office” unibertsoan gertatzen den spin-off-a grabatzen ari dira dagoeneko. Badakigu telesaila ez dela Scrantongo Dunder Mifflinen bulegoan girotuko; fikziozko munduaren barruko lan-dinamika berriak aztertuko ditu.

“The White Lotus”-en bigarren denboraldian hoteleko arduradun gisa ikusi genuen Sabrina Impacciatore eta Domhnall Gleeson aktoreak dira baieztatu dituzten lehen bi izenak.

Proiektu berri honek gainbeheran dagoen egunkari baten egunerokoa erakutsiko du; zuzendariak, erreportari boluntario talde baten bidez, berpizteko ahaleginak egingo ditu. Umorea helduleku gisa erabiliko dute.

Filmaketa lanak oraintxe hasi dituztenez, itxaronaldia arintzeko, plataforma desberdinetan topa daitezkeen bederatzi denboraldiak (berr)ikustea izango dugu onena. Gozatu!