GARA Euskal Herriko egunkaria

Aita Mari Ravennan da, bost egunean 1.700 kilometro eginda

Aita Mari ontzia Italiako Ravennako portuan lehorreratu zen atzo, bost egunez 1.700 kilometro baino gehiago nabigatu ondoren. Mediterraneo zentralean 34 pertsona erreskatatu zituen joan den astelehenean; horien artean, bi emakume eta hiru adingabe.

Aita Mari erreskate ontzia, Pasaian, artxiboko irudi batean. (Jon URBE | FOKU)

Bost egun eta 1.700 kilometro baino gehiagoko nabigazio luzearen ostean, Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEaren Aita Mari ontzia Ravennako portura iritsi zen atzo, 11.45ean, ohar batean jakinarazi zuenez. Mediterraneo zentralean 34 pertsona erreskatatu zituen Aita Marik joan den astelehenean; horien artean, bi emakume (horietako bat zazpi hilabeteko haurdun) eta hiru adingabe.

Astelehen goizaldean egin zuen erreskatea euskal ontziak, baldintza oso zailetan. Libiako hiru itsasontzi agertu ziren; horietan gizonezko kaputxadunak eta armatuak zihoazen, eta horrek tentsio handiko uneak eragin zituen. Erronka horiek gorabehera, egoera egonkortzea eta ontzian zeuden pertsona guztiak erreskatatzea lortu zuten.

Salbatutako pertsonak Egipto, Nigeria, Bangladesh eta, batez ere, Siriatik etorritakoak dira, beren herrialdeetan dauden gerretatik ihesi. Errefuxiatu horietako batzuek Libian torturak jasan dituztela aitortu dute. Guztiek jaso dute laguntza medikoa bidaian zehar.

Itsas Salbamendu Humanitarioak nabarmendu zuenez, Ravennako lehorreratzea «urrats erabakigarria» da 34 pertsona horientzat, «arriskutik eta jazarpenetik urrun dagoen etorkizun baten bila». Nolanahi ere, Europar Batasunak migrazioaren inguruan hartu dituen politika berriak kontuan hartuta, «etorkizun horrek inoiz baino kalte handiagoa izango du», gobernuz kanpoko erakundearen iritziz. «Jasaten duten kriminalizazioa oinarrizko giza eskubideen aurkakoa da», salatu zuen.

Erreskatearen ondoren Italiako kostaldera iritsi zirela jakinarazteko, Maydayterraneo salbamendu erakundeak honako mezu hau zabaldu zuen X sare sozialaren bidez: «Gaur goizean Ravennako portuan bizirik atera diren 34 lagunak agurtu ditugu. Beraien etxeetatik ihes egitera zerk behartu zituen eta Europan bizitza berri bat hasteko ilusioak entzuteko aukera izan dugu, nahiz eta beraien herrialdea beti bihotzean eraman. Zorte on guztiei!».