GARA Euskal Herriko egunkaria

Hilaren 10ean Iruñerriko FCCren kamioi batetik erori zen langilea hil da


Iruñerriko Mankomunitatearen FCC azpikontratako langile bat hil zen atzo, LABek jakinarazi zuenez. Duela hamar egun zabor-edukiontziak husten ari zela hartutako kolpe larriaren ondorioz zendu da.

Uztailaren 10ean izan zuen istripua I.U. beharginak, gaueko txandan lanean ari zela. FCCren kamioi bateko kabinara igo behar izan zuen zaborra batzeko kontainerra trabatu zelako. Goian zegoela, baina, irrist egin eta lurrera erori zen. Kolpe larria hartu zuen buruan.

Aurten Nafarroan hil den zortzigarren langilea da hau, eta Euskal Herriko 33.a, LABen arabera. Sindikatuaren ustez, gainera, istripuok ez dira ezustekoak: «FCC enpresan kamioian erortzen diren edukiontziak kentzeko prozeduraren zorroztasun faltak» eragin omen du azken hildakoa.

Sindikatuak salatu duenez, ez zen segurtasun protokoloa bete, horrek zehazten duen langile kopururik ez zegoelako gaueko txanda hartan. «Langileek aspaldi ohartarazi zuten enpresa; mankomunitateko kamioi berriekin arazo asko sortzen ari ziren zabor bilketan.

Horrek, LABen hitzetan, esan nahi du behar baino langile gutxiago kontratatu dituela enpresak, etekin ekonomiko gehiago ateratzeko.