GARA Euskal Herriko egunkaria
ALAVES

Izaera «familiarra» lehenetsi du Diarrak

Moussa Diarra, eskuinean, Ibaiako instalazioetan. (ALAVES)

Moussa Diarra (Stains, Estatu frantsesa, 2000) atzelariak kontratu luzea sinatu du Alavesekin, 2028ko udara arte, alegia. Elkarrekin hazten jarraitzeko asmoaren argigarri da hain kontratu luzea -Alavesen, azken urteetan oso urriak izan direnak- eta, beraz, «pozik» agertu zen Diarra atzo eman zuen prentsaurrekoan, bere lehendabizikoa jokalari babazorro gisa. Iritsi berria izaki, ikusi beharko da ea gaur arratsaldean Alavesek eta Realak jokatzen duten lagunartekoan minutu batzuk jokatzeko moduan egongo ote den, baina berak argi utzi zuen «taldekideekin jokatzeko gogotsu» dagoela.

«Taldean lan egitea» gustatzen zaio Maliko selekzioarekin ere jokatzen duen 23 urteko atzelariari, eta adierazi zuen defentsa sendoa dela baina ez dagokiola berari futbolari gisa deskribatzea, hori beste batzuen zeregina dela. Erdiko atzelari gisa zein ezker hegalean moldatzen da eta modu horretan argi utzi zuen entrenatzailearen hautuetara egokitzeko prest dagoela. Era berean, Sergio Alvarez kirol zuzendariak esan zuen Alavesek bilatzen dituen ezaugarri guztiak biltzen dituela Diarrak: «Gaztea da, energia asko dauka eta aldarrikatzeko indartsu dago». Orain, berarengan jarritako aurreikuspenak betetzea soilik falta da, aipatu legez, lau urterako kontratu luzea sinatu baitute bi aldeek, etorkizuna elkarrekin idazten jarraitzeko asmo tinkoarekin.

«POZIK, EUSKAL HERRIAN»

Fernandezek adierazi du Alavesek bilatzen dituen ezaugarriak dituela Diarrak, baina baldintza hori aldebikoa ere bada, jokalariak onartu zuenez. Esan zuen «beste talde oso onen» eskaintzak ere jaso dituela baina Alaves zela gehien komeni zitzaion taldea, «talde familiarra delako eta elkarrekin helburu handiak ditugulako betetzeko».

Toulousen eman du orain arteko futbol ibilbide guztia. 54 partida jokatu ditu Estatu frantseseko liga nagusian (Ligue 1) eta 2022-2023ko denboraldi gogoangarrian bere aletxoa jarri zuen. Kopako garaikurra altxatu zuen bere bizitzako taldearekin eta ligako txapeldunorde izan zen. Europa Leaguen ere eskarmentu apur bat pilatu du, zortzi partida jokatuta.

Azken urtean, babazorro ohi bat ere izan du taldean, Alex Dominguez atezaina. Katalanak Alaveseko bigarren taldean jokatu zuen urtebetez, eta Diarrak onartu zuen berarekin hitz egin zuela behin talde gasteiztarraren interesaren berri jakin zuenean: «Oso ondo hitz egin dit talde honi buruz, taldea eta hiria ikertzen hasi nintzenean». «Euskal Herrian egoteaz oso pozik nago», esan zuen frantsesez, eta adierazi zuen Alavesen jarraitzaileen hauspoaz ere ohartarazi diotela: «Babesa ematea nahi dugu. Horrek zoriontsu egiten gaitu».