GARA Euskal Herriko egunkaria
GAURKOA

Herritarren konfiantza berreskuratzea, Osakidetzaren xedea


Herritarrek konfiantza berreskuratu dute Osasun Sistema Publikoan”. Titular hori lortzeak izan behar luke Legebiltzarreko taldeon zeregin nagusietakoa, atzotik hasita, 2028. urterako. Hauteskunde kanpaina betean Osasun Sailak publiko egin zuen Osasun Inkesta 2023. Inkesta horrek EAEko biztanleen osasun egoera aztertu eta neurtzen du 1986tik hasita, eta argi erakusten du konfiantza hori nola galtzen joan den eta azken 10 urteotan pribatizazioa zenbat areagotu den: %50. Datu esanguratsu hau ere jasotzen du: 2018tik aurrera %19 hazi da aseguru pribatua duten herritarren kopurua. Bilakaera horretan argi ikus daiteke konfiantzaren galera.

Baina ez digu erakusten soilik konfiantza galera egon dela. Osasun Inkestak erakusten digu, edo hobeto esanda, neurtzen du zein den EAEko biztanleriaren osasun egoera, zer bilakaera izan duen, eta determinatzaileak ere aztertzen ditu, osasun zerbitzuen erabilera, besteak beste. Zoritxarrez, 2023ko emaitzak ez dira onak. 2018tik bilakaera negatiboa izan da. Beraz, agerian utzi digu orain arte ezarri diren osasun politikak ez direla eraginkorrak izan. 2023ko Osasun inkestak eman digun argazkia kezkagarria da benetan, adierazle sozioekonomikoen araberako, ikasketa mailaren araberako eta generoaren araberako arrakala handitzen ari baita.

Estatu espainola kontuan harturik, Jaurlaritzak osasunean pertsonako gehien inbertitzen dugunak garela (2.200 euro 2024an) dioen arren, emaitzak ez dira onak eta egiten ari den politikak ez du osasuna eraikitzen. Aitzitik, gizarte gaixoagoa eraikitzen ari da, arrakala handiagotuz eta bi abiadurako gizartea eta osasun sistema bultzatuz. Hortaz, ez da soilik inbertsio eta baliabide kontua; begirada kontua ere bada. Gaixotasunean oinarrituta eraiki da gaur egun dugun eredua. Sistema asistentzian zentratzen da bereziki, ebidentzia zientifikoak beste zerbait esaten digunean. Ondorioz, zein izan behar du gizarte osasuntsu bat eraikitzeko ikuspegiak? Zalantzarik gabe ikuspegi integrala behar dugu, osasuna politika guztietan integratuko duena. Osasun determinatzaileetatik lanean hasiko diren erakunde konprometituak, Osakidetzatik bertatik hasita.

Testuinguru horretan, oso motel, oso geldo hasi da legegintzaldi berria. Lehendakaria berria da, baina Gobernuan Osakidetza honaino ekarri duten bi alderdiak daude. Orain arte arazoa ukatzen zuten, eta gainerakooi leporatzen ziguten alarma sortzen ibiltzea. Orain, berriz, balizko akordio baterako egitasmoa agenda politikoaren erdigunean kokatu dute. Ongi etorria bedi egitasmoa! Eta ongi etorri, era berean, urteetan arazoa ukatzen, elkarrizketa baztertzen eta orain hori guztia iraultzeko prestutasuna adierazi digun Gobernua ere. Bide horretan, elkarlanerako prest izango gaituzue, bai horixe!

Nolanahi ere, Osasun Sistema Publikoak dituen hainbat arazok ezin dute adostasun egitasmo hori lortu arte itxaron. Urgentziaz behar dugu kudeaketa eraldatzea, ekimena eta elkarlana. Adostasun egitasmoak ezin ditu urgentziaz hartu beharreko neurriak indargabetu.

Epe motzean konpontzen hasi beharra eskatzen duten arazoak ditugu mahai gainean. Udako opor sasoi honetan bereziki larri dauden Etenik Gabeko Arreta Guneen egoera, kasurako; edo Emergentziak Erakunde Sanitario Integratuaren egoera, bai eta udan askoz biztanle gehiago izaten dituzten kostaldeko osasun etxeen egoera ere. Zerrenda luzea izan daiteke, baina legegintzaldia hasteko, gutxienekoa litzateke eremu horietako premiazko egoerari heltzea. Ikusi dugu Basurtuko bihotz kirurgiaren auziarekin gertaturikoa, borondate politikoa egon denean, nola izan den posible epe motzean auzia konponbidean jartzea, urteetan gobernua sostengatzen duten alderdi berberetatik izugarriak entzun ditugunean.

Halaber, Osasun Sistema Publikoaren oinarrira joanda, gakoa da Lehen Arretaren papera. Lehen Arretan kontua ez da bakarrik berehala artatzea, 48 edo 24 ordutan artatzea, baizik eta pazienteak bertoko osasun ekipoa ezagutzea, elkar ezagutzea, komunikazioa egotea, jarraipena, elkar zaintza. Lehen Arreta ezin da izan larrialdi zerbitzu bat, patologia artatu eta kito. Jarraitutasuna bermatu behar du. Ebidentzia zientifikoak esaten digu 2-3 urtez mediku bera izanda hilkortasuna %8 murrizten dela eta 15 urtez izanda %25 murrizten dela. Imajinatzen duzue pastilla bat izango bagenu emaitza hori lortuko lukeena? Pastillarik ez dugu, baina Lehen Arreta badaukagu. Lehen Arreta biziberritzeko, herritarrei epe luzeko jarraipena bermatzeko, pertsonal politika erro-errotik eraldatu behar da. Kudeaketa eredua aldatu egin behar da. Lehenengo transformazioa hortik hasi behar da. Oinarri-oinarrizkoa da.

Beraz, bakoitzak dugun arduratik ekin behar diogu. Gure aldetik, legegintzaldi berrian ere, orain arte bezala, lanean jarraituko dugu euskal herritarrek behar duten eta merezi duten osasun sistema publikoa eraikitzeko. Osakidetzatik hasita, baina osasun sistema publiko osoa kontuan hartuta. Gizarte osasuntsua eraikitzea xede izanda. Horretarako, egunerokotasunaren jarraipen zehatza eginez Osasun Sailari, eta egunerokoa hobetzea ekarriko duten osasun politiken eraldaketa sustatzeko ekimena hartuz. Epe ertain eta luzera, landu nahi den balizko akordioan ere gure onena emango dugu ekimenez, herritarren eta langile guzti-guztien aitortzatik eta eskutik.

Ildo horretan, hasteko, ezinbestekoa izango da oinarrizko diagnosi bateratu eta adostu bat egitea, letra xehea zehaztasunez partekatzea. Izan ere, oraindik nabarmena baita diagnosia ez dela partekatua, nahiz eta urrats bat egin duen Jaurlaritzak, arazoa onartuta. Zehaztu beharko da non dauden adostasunak eta desadostasunak, ondoren neurri ahalik egokienak eta eraginkorrenak ezartzeko. Baina dokumentuetatik eta literaturatik harago, herritarren konfiantza ekimenarekin eta eguneroko lanarekin irabazi behar da, 2028an guztiok desiratzen dugun izenburua nagusitu dadin.