Gaizka IZAGIRRE
SUGAR

Axolagabe utziko ez zaituen telesaila

Hollywoodeko ekoizle ezagun baten biloba desagertu egin da eta John Sugar izeneko detektibe pribatu misteriotsu bat kontratatuko du hura bilatzeko. Sugar-ren pertsonaia Colin Farrell aktoreak gorpuzten du eta, misteriotsua izateaz gain, badu ezaugarri nabarmen bat: oso zinemazalea da. Telesailean zehar film klasikoetako detektibeei egiten zaien omenaldia nabarmena da.

Neo-noir lurrina du telesailak, zinemazaleek bereziki gozatuko dutena. Ez ditu zinema beltzaren “arauak” hausten, nahiko narratiba klasikoa du zentzu horretan, baina lehen unetik ohartuko zarete ukitu berezia duela. Gainera, pertsonaia nagusiaren zinemazaletasuna asko zukutzen da, bai edukian, baita alor teknikoan ere. Tarteka, protagonistaren off-eko ahotsa genero beltzeko hainbat film klasikoren pasarteekin tartekatzen dute, zeintzuek pertsonaiaren hausnarketa, ekintza edota egoera zenbaitekin lotura duten.

Ikusleen artean eztabaidak eragiteko helburuz edo, zenbait erabaki narratibo deigarri hartu dituzte; horien artean, sareak hankaz gora jarri dituen bat: 30 minutuko zortzi atal ditu guztira telesailak eta, seigarreneraino guztia nahiko “ohikoa” den arren, narratiboki behintzat, atal honen amaieratik aurrera gertatzen den zerbaitekin burua galduko duzuela aurreratzen dizuet... Telesaila hankaz gora jartzen duen biraketa bat da: hartu duten erabakia oso zoroa iruditzen zait. Batzuek diote erridikulua dela. Niri ez zait hala iruditu, baina egia da gertaera horrek testu honetan azaldu dudan guztiari beste zentzu bat ematen diola. Pertsonalki asko eskertzen dut harritzeko gaitasuna duten horrelako erabakiak topatzea, baina egia da, hortik aurrera, ia fede kontua dela telesaila ikusten jarraitzea. Proposatzen duten guztira egokitzeko gaitasuna baduzu, asko gozatuko duzu; bestela, ez.