26 JUIL. 2024 Festazaleen uztaileko azken geltokia dira Algorta, Erromo eta Azpeitia Hilabeteko azken santua da San Ignazio, abuztuko jaiei lotura egingo dien katebegia, batean hasita eta bestean bukatuta. Hala, Algortako sanignazioek eskua emango diote Erromoko jaiei, bederatzi egunez giroa sortuz udalerrian. Santuaren jaioterrian, berriz, ia bi astez luzatuko da ekitaldien zerrenda. Kimetz abesbatzarekin kantu poteoa egingo dute igandean. (Marisol RAMIREZ | FOKU) GARA BILBO Areetako santanak amaitu berritan, festa giroa piztuko da Algortan, sanignazioak aurrera eramango baitituzte hilaren 27tik 31ra bitartean. Bihar eguerdian ekingo diote bost eguneko egitarauari: iazko kuadrilla txapelketan irabazle izan zen Sekta taldeak pregoia irakurriko du 12.00etan eta Kantxa Kirol Moda saltokiko jabeak eta langileek suziria botako dute liburutegiko balkoitik. Denda honek ateak itxi ditu aurten eta keinu honekin eskertuko diote erretiratu berri den Joseba Aranguren “Morotxo”-ri, urte luzetan egindako lanarekin batera, herriko bizitzan presente egon izana eta eragileei emandako laguntza. Jarraian, kuadrillen jaitsiera izango da, eta 15:00etan Gazte Txosna irekiko dute txosnagunean, txupina eta marianitada eginda. Igandea Txipi eguna da, tradizio luzeko XXIII. Txipiroi Txapelketa burutuko dute goizeko lehen ordutik. Ekimen nagusia hori den arren, beste aukera asko ere badira. Esate baterako, Algortagraff grafiti erakustaldiaren barruan, artisten azoka, musika edo haurrentzako grafiti tailerra antolatu dituzte; bertso saioa, xake txapelketa, herri kirolak, rap lehiaketa, Kimetz abesbatzaren kantu poteoa... Jaien hirugarrena, uztailak 29, Ume eta Gazte Eguna denez, haientzako ekimenek beteko dute egitaraua: moto lasterketa, kirol jarduerak, xake tailerra, txokolate jana, ume eta familien jaitsiera..., baita iaz berritasuna izan zen 12-16 urte bitartekoentzako Gaztedi kuadrilla txapelketa ere. Laugarrena, berriz, Kuadrillena izango da; jaien bihotza eta motorra baitira. San Ignazio egunarekin agur esango diote aurtengoari, eta modu onenean, gainera. Dianak herria esnatuko duenetik Vulcano Magiaren su artifizial ikuskizuna arte, aspertzeko aukerarik ez dute izango festazaleek. Kalea girotuko dute kalejirek, dantzariek, Euskarabenturako gazteek, Andoni Egañak eta Nerea Ibarzabalek bazkalostean egingo duten bertsomaratoiak edota herrian barrena ibiliko diren erraldoiek eta buruhandiek. Egitarau oparoan aipagarria da, egunero musika eskaintza zabala izango dela, iluntzean hasita, bai herriko zenbait txokotan bai txosnagunean. AUZO BATETIK BESTERA Algortarrei Erromon hartuko diete lekukoa, uztailaren 31tik abuztuaren 4ra luzatuko diren jaiekin. Aurrekari gisa, nekazaritza eta bigarren eskuko azoka, uztailak 28, eta goitibeherak, uztailak 30, izango dituzte. Eta behin motorrak piztuta, abiada hartzen joango dira egunez egun. Asteazkenean, 19.30ean, pregoia irakurri eta suziria botata, El despiste fanfarreak eta buruhandiek kalejira egingo dute, festa giroa zabaltzeko. Ostegunean, abuztuak 1, besteak beste, Imanol Uria, Igor Elortza, Maddi Ane Txoperena eta Julio Soto bertsolariek Erlantz Pazosek proposatutako gaiei bertsoak jarriko dizkiete txosnagunean, eta XVII. Herri Krosa jokatuko dute. Hurrengo egunean, abuztuaren 2an, jai batzordeari buruzko dokumentalerako castinga egingo dute, eta 1969ko jaietan Poliziak hildako Felix Arnaiz oroituko dute. Izan ere, festaz gain, aitortzak eta elkartasunak ere bere tartea izango baitute, dela barbakoa, txorizo edo talo solidarioarekin, dela Boliviaren alde larunbatean burutuko duten ekintzarekin. Abuztuaren 3a Herriaren Eguna izango da. Adin guztietarako askotariko jarduerak prestatu dituzte, baita norberak bere trebezia erakuts dezan zenbait proba ere: haur ginkana, putxero lehiaketa, ferra galduen bilaketa, tiragoma txapelketa edo ohikoago den musa. Lehiarako grina asebete ez dutenek bi aukera berri izango dituzte igande goizaldean, abuztuak 4: kulero eta galtzontzilo lasterketa edo iturri lasterketa. Baita ordu gutxi batzuk geroago jokatuko duten patata tortilla txapelketa ere. Arratsaldean plaza dantzek, bilbainadek, erraldoiek eta buruhandiek girotuko dute sardina jan herrikoira arteko tartea, eta hala, azken traka botata, amaituko dira aurtengo festak. BASERRITARRAK, AZPEITIARREN OMENDUAK Sanignazioak hitzordu garrantzitsua dira Azpeitian, eta lehen jarduerak 20an hasi bazituzten ere, txupinazoa uztailaren 30ean izango da. Aurten lehenengoz herritarrek aukeratu dute udaletxeko balkoian festaren metxa nork piztuko duen. Etxafuegoa botatzeko ardura eta ohorea azokara etortzen diren baserritarrei egokitu diete. «Merezitako aitortza», Nagore Alkorta alkatearen hitzetan, nahiz eta jasoko dutenetako batek, Idoia Leonetek, jaien aurkezpenean aitortu hautagai izateak «harritu» zituela eta aukeratu izateak «urduritu». Une hori heldu arte, ordea, zereginak ez zaizkie faltako azpeitiarrei. Bihar, Haurren Eguna, erraldoien desfile ikusgarria egingo dute dultzaina, trikiti eta gaita doinuek lagunduta Nafarroa eta Gipuzkoako hogei konpartsak. Haur eta gazte bazkaria, jolasak eta ETS taldearen kontzertua ere izango dira. Etzi, berriz, kirola nagusi izango da: artzain txakur txapelketa, Ignazio Deuna Saria txirrindularitza proba eta sokatira misto txapelketa. Jarduerak asteartean bueltatuko dira, eta abuztuaren 2a arte luzatu. Herriko eragileek eta Udalak kaleetako giroa piztuko duen egitaraua atondu dute, askotarikoa, herritar guztiek topa dezaten gustuko zerbait. Berrikuntzen artean, abuztuaren 1ean, kuadrillen arteko lehen olinpiadak egingo dituzte. Musikaren aldeko apustua egin dute, bereziki euskal taldeen aldekoa, jende asko mugitzen dutenak ekarriz: ETS (uztailak 27), Tapia eta Leturia Band (uztailak 30), Izaro (uztailak 31) eta Zetak (abuztuak 1). Txosnagunean, berriz, Frigo eta Balantza Erromeria (uztailak 30), The Clayton, Trini Fox eta Rekiem (uztailak 31), Balloon Farme, Tatta & Denso, Kaparrak eta DJ Atenenas (abuztuak 1). 30 KUADRILLAAlgortan, festek iraun artean, alaitasuna eta freskotasuna zabaltzen dute kuadrilla txapelketako frogetan, eta haietatik kanpo ere. Iaz 30 taldetik gora aritu ziren nor baino nor, eta hala mantentzea aurreikusten dute. TXIPI EGUNAIgandean ospatuko dute XXIII. Txipiroi Txapelketa. Egitarau zabala izango du ospakizunak: Algortagraff grafiti erakustaldia, bertso saioa, rap lehiaketa, Kimetz abesbatzaren kantu poteoa... OROIMENAErromon jai batzordeari buruzko dokumentalerako castinga egingo dute abuztuaren 1ean, eta 1969ko jaietan Poliziak hildako Felix Arnaiz oroituko dute. BASERRITARRAKAzpeitian lehen aldiz herritarrek erabaki dute udaletxeko balkoian festaren metxa nork piztuko duen. Azokara joaten diren baserritarrek botako dute. EUSKAL MUSIKAAzpeitiarrek egitaraua osatzean euskal taldeen alde egin dute: ETS, Tapia eta Leturia Band, Izaro, Zetak, Frigo eta Balantza Erromeria...