27 JUIL. 2024 EL ENCARGADO (3. DENBORALDIA) Eliseo atezaina ezagutu nahi duzu? Gaizka IZAGIRRE Eliseo atezaina protagonista duen telesail honen hirugarren denboraldia iritsi da. Suspensezko generoaren zertzelada batzuk dituen arren, ekoizpen dibertigarria eta ikuserraza da. Sortzaileak Mariano Cohn eta Gaston Duprat dira. Ia banaezina dirudien bikotea Argentinako zinema eta telebista zuzendari eta ekoizleak dira. Haien lehenengo lanak zinema esperimentalarekin lotuta zeuden arren, apurka publiko orokorrari zuzendutako ekoizpenak egin dituzte. Umore beltza eta konbentzionalismoari egindako kritika dira beren lanetan maiz errepikatzen diren osagaiak. Buenos Aires hirian girotua, klase altuko eraikin batean lan egiten duen Eliseo atezainaren istorioa azaltzen du. Eliseo atsegina da, adeitsua, baina, istorio honetako ustezko heroia dena, gaizkilea ere bada aldi berean. Bere ohiko jarduna burutzeaz gain, bertako jabe eta maizterren sekretu guztiak biltzen ditu, bakoitzaren bizitza pribatuan murgiltzen da eta informazio horrekin zalantzagarriak diren akordioak egiten ditu. Atezaina da, baina baita zelataria eta espioia ere. Premisa nagusi horretatik gatazka nagusi bat ere jaioko da: ez du lanik gabe geratu nahi eta horretarako eskura duen “botere” hori guztia bere mesedetan erabiltzen saiatuko da. Hasiera zirraragarria du. Oso erraz katigatuko zaitu telesailak. Atalak igaro ahala, umore beltza eta ironia izango dira narrazioaren helduleku nagusiak, eta etengabeko ezusteak ikusteko aukera izango duzu. Sorpresak ia etenik gabeak dira. Guillermo Francellak lan aparta egiten du atezaina gorpuzten, eta eraikin horretako mikrokosmos berezi hori muinetik ezagutzeko aukera emango dizu. Gidoiari dagokionez, apur bat sinesgaitzak diren une txiki batzuk dituen arren, biziki gomendatzen dudan telesaila da, atalak bata bestearen jarraian irensteko paregabea.