29 JUIL. 2024 Dominak norentzat? Surflari ernegatua Duke Kahanamoku jaio zen unean hawaiiarrak desagertzen ari ziren. Mende batean 800.000 biztanletik 40.000 biztanle izatera pasatu ziren. Gehienak kolonoen gaixotasunekin kutsatuta hil ziren; besteak zuzenean akabatu zituzten. Gaur, Hawaii AEBetako estatu bat da eta berau ordezkatzen duten kirolari asko ilehoriak dira. Thalia Massiek, Pearl Harborreko militar baten alabak, bost gizon hawaiiarrek bortxatu zutela salatu zuen faltsuki 1931. urtean. Akusatuek beren errugabetasuna frogatu zuten eta epaileak aske utzi zituen. Jarraian Thaliaren aitak eta beste hiru lagunek akusatuetako bat bahitu eta hil egin zuten, baina poliziak atzeman zituen eta atxilotu egin zituzten. «Nola ausartzen da lurralde estatubatuar hau zuriak zigortzen “ohorezko hilketa” egotzita?», galdetzen zuten egunkariek. Utopia tropikala irauli zen. «Emakume zuriek bertakoen eraso salbai eta diabolikoak jasateko arriskua dute», zioen “A paradise gone mad” (erotu den paradisua) izenburua zuen artikuluak. Argazkian Duke agertzen zen emakume zuri batekin surf egiten. Hiltzaileen abokatuak, Clarence Darrowk, Dukerekin hitzordu bat finkatu zuen prentsaurrekoan eta Duke azaldu zen. Abokatu arrazistak Dukeren «aloha izpiritua» bere onerako baliatu ahal izan zuen. Azkenean hiltzaileek hamar urteko kartzela zigorra jaso zuten, baina itsas armadaren presioengatik zigorrak kommutatuak izan ziren eta jaso zuten zigorra iraingarria izan zen: «Ordubeteko lan-zigorra bulegoan». Oso interesgarria iruditzen zait Dukeren auzia. Sekulakoak pairatu behar izango zituen, bere azalaren koloreagatik eta, hawaiiar zen heinean, zapalduen klasekoa zelako. Berak, irribarrez aurre egitea erabaki zuen. Biziraute estrategia bat zen. Galdera da, nork zuen noren behar handiagoa? Dukek ezinbestean behar zuen kolonoen oniritzia mundu mailan lehiatzeko, nahiz eta Hawaii oraindik ez zen AEBetako estatua. Aitzitik, Hawaii ordezkatuz irabazitako dominak ere AEBetako selekzioaren zakuan sartu zituzten. Munduko estatu inperialista guztiek lortu dituzten domina asko haiek zigortutako komunitateetako kideei esker irabazi dituzte. Auskalo surfaren historia nolakoa izango zen, Duke intsumisoa izan balitz. Ni ez naiz inor ez bera, ez beste inor epaitzeko; gainera, lorpen esanguratsuak ere egin zituen bere herriarentzat, baina gauza bat argi ikusten dut, edozein kolonizazioren azken fasea, asimilazioarena, errazegi pasatzen bada, menderatzea zuritzen da eta “kolonizazio” hitza historia-liburuetatik desagertzen da. «Emakume zuriek bertakoen eraso salbai eta diabolikoak jasateko arriskua dute», zioen «A paradise gone mad» (erotu den paradisua) izenburua zuen artikuluak. Argazkian Duke agertzen zen emakume zuri batekin surf egiten.