29 JUIL. 2024 KOLABORAZIOA Plentziako bidea Kontxita BEITIA eta Filipe LASKARAI Ehun mugimenduaren izenean Eurokopa eta gero ikusitakoak alarma gorri guztiak piztu dizkigu. Espainia pentsatu nahi genuena baino normalizatuago dagoela ikusi dugu. Espainolismoa sumatu dugu etxe barruan. Espainolismoa, nahiz eta Espainiako ezkerrak makilatu nahi izan, frankista da, frankismoaren oinarri guztiak bere egiten dituelako; frankismoak lotuta eta ondo lotuta utzi zituen espekulazioa, langileen esplotazioa, identitate konkretu baten inposizioa eta gutxi batzuk gehiengoaren izerdiarekin aberastea. Guzti hori bere egiten du espainolismoak. Ez du jendarte justu baterako zoru egokia ezartzen, beraz. Espainiaren zatiezintasuna da guzti hori babesteko ezinbesteko baldintza. Espainiako selekzioak Eurokopa irabazi eta gero ikusi duguna, lehenagotik sumatzen genuenaren azken erakusgarria izan da. Azken urte hauetan egindako inkesta guztiek dioten moduan, Euskal Errepublikaren eta jendarte justu baten aldeko nahia atzeraka doan abiada berean doa gorantz Espainian eta Frantzian, modu diferenteetan, segitzeko nahia. Horren zergati nagusia euskal herritar guztientzat askapen proiektu eta estrategia sinesgarririk ez izatea dela argi dugu. Unionismoak eta kapitalismoak, aldiz, badute eskaintza errealegia, sinesgarriegia. Eta bidea libre utzi diegunez, espainolismoa atzeko atetik sartu zaigu azken urte hauetan. Horregatik independentismoaren eginbeharrik urgenteena da jendartearen gehiengoarentzat sinesgarria den bide independentista bat plazaratzea. Ehun-etik askotan adierazi dugun moduan, Espainiaren eta Frantziaren aurrean aldebakartasuna lehenestea da sinesgarria. Aldebikotasun hutsa, Espainia eta Frantziaren aurrean, ez da sinesgarria. Ez da sinesgarria jendarte osoak bai baitaki Espainiak eta Frantziak ez dituztela sekula eskubide guztiak denontzat onartuko; horien artean, autodeterminazio eskubidea. Ondorioz, aldebikotasun hutsak ez du jendartea aktibatzen eta ez du independentista berririk sortzen. Baina, zein izan daiteke bide sinesgarria? Maiatzaren 30ean Plentziako Udalak Ehunek aurkezturiko mozioa onartu zuen. Bertan, Plentziak Euskal Errepublikako udalerria zela deklaratu zuen. Ekainaren 1ean Plentzian bertan egindako prentsaurrekoan, mozio honen onarpena historikoa zela genioen. Historikoa da, Euskal Herrian erakunde batek egin duen lehenengo aldebakarreko independentzia deklarazioa delako. Historikotasun ukaezina du, beraz. Prentsaurrekoan bertan ere bagenion, gure asmoa deklarazio hau zirimiria bezala Euskal Herriko herri guztietara zabaltzea dela. Gainera, deklarazio hauek estrategia independentista batean txertatzen direla ere adierazi genuen eta baita hau aurrera ateratzeko herritarron laguntza beharko genuela ere. Historiak esaten baitigu, prozesu askatzaileek aurrera egiten dutela agenda eta erritmoa herritar antolatuek ezartzen dituztenean. Euskal Herriko gero eta herri gehiagok gauza bera egingo balute, Euskal Errepublikaren beharra eztabaida politikoaren zentrora ekarriko genuke. Ondorioz, polarizazioa sortuko lukeenez, jendartearen aktibazioa ekarriko luke. Gainera, independentistok, mozioen onarpen demokratikoen bidez, herritarren gehiengoak nahi duena egikaritzen hasteak estatuen erantzun zentsorea guztion begi-bistan jarriko luke. Horrek jendea erakarriko luke euskal errepublikanismora; mugitzen denak jartzen baititu lotzen dituen kateak agerian. Guzti honegatik, Plentziako bideak norabide bat adierazten duela uste dugu; independentismoa aktibatu eta zabaltzeko bidea. Plentziako mozioak, historikotasunaz gain, badu aipatzekoa den bigarren berezitasun bat: Euskal Errepublikaren beharra egunerokoan eragiten diguten arazo konkretuetatik abiatuz justifikatzen du; hau da, egiturazko arazoak Euskal Errepublikan soilik konpon daitezkeela dio mozioak. Horregatik, herri bakoitzak herrian dituzten arazoetatik abiatuz presta ditzakete mozioak. Horrek, pedagogia independentista egiteaz gain, herritarren arteko elkarlana eta aktibazioa bultzatzen ditu. Azkenik, eta hirugarren bertute moduan, Plentziako bidea herritar antolatuen eta erakundeen elkarlanean oinarritzen da. Aldebakartasuna lehenesten duen elkarlan hori derrigorrezko baldintza da aurrera egiteko, Kataluniako urriaren 1 hartako erreferendumean ikusi genuen moduan. Norabide egokian egiten den elkarlana da independentismoak indartzeko behar duena. Plentziako mozioak ilusioa sortu du oinarri independentistan. Deklarazio honen ondoren herritar asko jarri dira gurekin hartu-emanetan beraien herrian gauza bera egin nahi dutela esanez. Pertsona horiekin biltzen ari gara jada beraien herrietan mozioa prestatzeko taldeak sortzen laguntzeko. Horretan ari gara udaran. Udazken honetan aldebakarreko independentzia deklarazioak dituzten mozioak erregistratzen hasiko gara. Udazkeneko zirimiria urtebeteko epean tsunami bilakatzea da gure nahia. Denok batera egin behar dugun bidea da hau. Alderdiek, sindikatuek eta herritar antolatuek. Guztiok gara beharrezkoak eta guztiok batera norabide berean jartzea da Ehun-en nahia eta iparra. Hasi dugu prozesu independentista Euskal Herrian. Udazken honetan aldebakarreko independentzia deklarazioak dituzten mozioak erregistratzen hasiko gara. Urtebeteko epean tsunami bilakatzea da gure nahia