30 JUIL. 2024 Ikusle markak hautsita, «edizio borobila» itxi du Jazzaldiak Borobila, Jazzaldiaren «edizio perfektua» izan da itxi berri dena. Doako kontzertuek 165.000 pertsona erakarri dituzte, eta ordainpekoek 20.604, jaialdiaren historian marka berria ezarriz. Kantitateaz gain, kalitatea ere izan da eredu: artista handiak, bertoko eta nazioarteko izarrak, goraka ari diren artistekin eta musika estilo ezberdinekin uztartu direla goraipatu dute antolatzaileek. Hurrengo edizioa 2025eko uztailaren 22tik 27ra egingo da. Gregory Porter, Izaro eta Silvia Perez Cruz dira Jazzaldian irrika gehien sortu duten artistetatik hiru. (Jon URBE | FOKU) GARA DONOSTIA Donostiako Jazzaldiak 185.000 ikuslerekin eta «aurreikuspen guztiak gaindituta» itxi du 59. edizioa, jaialdiaren balorazio- prentsaurrekoan Miguel Martin zuzendariak ziurtatu zuenez. «Helburu guztiak bete ditugu eta artistikoki akatsik gabea izan da; ez da egon bikaina izan ez den kontzerturik; edizio perfektua izan da», gaineratu zuen. Martinek Donostiako alkate Eneko Goya eta familiei zuzendutako Txikijazz programaren koordinatzaile Esther Fernandinorekin batera egin zuen prentsaurrekoa eta, bertan, ikusleen «harrera bikaina» ere nabarmendu zuten. Izan ere, doako kontzertuek 165.000 ikusle izan dituzte eta ordainpekoek 20.604, eta «jaialdiaren historian marka berria hautsi dugula esan nahi du horrek», txalotu zuen, asebeteta. Zenbait datu ere eman zituen: jaialdirako sarrerak 32 herrialdetatik erosi dira, salgai zeuden sarrera guztien %88,8 saldu dira eta hamahiru kontzertutan agortu dira sarrerak: Trinitate plazako lau kontzertuetatik hirutan, Kursaaleko sei kontzertuetatik hirutan, San Telmoko lau kontzertutatik hirutan, Victoria Eugeniako kontzertu batean eta Maria Cristina hotelekoan. «Ezarritako helburu guztiak bete dira», berretsi zuen Martinek, eta «errealitateak aurreikuspenak gainditu» egin dituela ere ziurtatu zuen. Aurtengo edizioko proposamenen artean, John Zornek eskaini dituen hiru kontzertuak nabarmendu zituen Martinek -«gertaera» gisa deskribatu zituen- eta frogatutzat eman zuen «musika zaila» egiten duela esaten bada ere «hori ez dela horrela; apustu segurua da», goraipatu zuen. Gregory Porter eta Silvia Perez Cruzen kontzertuak ere izan zituen hizpide, bere hitzetan, «haien gaitasun artistikoaren alde berri eta hobeak deskubritzen baititugu une oro», eta Diana Krall zein John Scofield eta Dave Hollanden saioak ere azpimarratu zituen. Doako kontzertuei dagokienez, Izaro, Larkin Poe eta North Mississippi Allstarsek Zurriolako hondartzan eskaini dituztenek izan duten arrakastan jarri zuen azpimarra, eta Kursaaleko terrazetakoak «miragarriak» izan direla gehitu zuen. «Etxean bertan jazzaren etorkizuna ziurtatua dugula erakutsi dute», esan zuen. Chillida Leku museoan, Eduardo Chillida artistaren jaiotzaren mendeurrenari lotuta emandako bost kontzertuetan mila pertsona bildu direla-eta ere pozik agertu zen. Haurrei zuzendutako Txikijazz programazioaz ere jardun ziren. XII. edizio honetan bost kontzertu eskaini dituzte, eta Fernandinok «horietan sortu den giroa, gurasoek musikari dioten errespetua eta, batez ere, txikienek hartu duten gozatua» nabarmendu zituen. Goiak edizio «bikaina» izan dela esan eta ikusleek «jaialdi hau babesten jarraitzen dutela ikustea plazer bat» dela esan zuen, Donostiako udan «errotuen dagoen hitzorduetako bat» eta hiriarentzat «iman bat» baita. Edizio hau «borobila» izan den bezala, borobila izango da hurrena ere. Izan ere, Jazzaldiak 60. edizioa izango du 2025ean. Martinek dagoeneko hurrengo urtera begira lanean ari direla aurreratu zuen eta datak ere eman zituen: uztailaren 22an abiatuko da Kursaalean egingo den kontzertu batekin eta jazz band hall batekin, eta hilaren 27an emango zaio amaiera. Jazzaldiko zuzendariak adierazi zuenez, «kostako da» aurtengo edizioa hobetzea, baina «aurreikuspen oso onak» dituzte 60. urteurrenerako, «jada lotuta dugun musikari batekin», «ekitaldi batekin zein azken edizioetako argazki erakusketa batekin». 60. EDIZIOAJazzaldiko zuzendariaren hitzetan, «kostako da» aurtengo edizioa hobetzea, baina «aurreikuspen oso onak» dituzte 60. urteurrenerako, «jada lotuta dugun musikari batekin», «ekitaldi batekin zein azken edizioetako argazki erakusketa batekin».