GARA Euskal Herriko egunkaria
DOGMAN

Salbazioa: txakurrekiko maitasuna


Luc Besson zinemagile frantziarren obra izenburu ezagunez josita dago. 1988ko “Le Grand Bleu” (“El Gran Azul”) filmak bere ibilbideko metxa piztu zuen, baina “Leon” (“Léon el profesional”) pelikulak eman zion nazioarteko bultzada. Geroztik “Jeanne d’Arc” (“Juana de Arco) edo “The Fifth Element” ( “El quinto elemento”) izan dira garrantzitsuenetarikoak. 2019an “Anna” zuzendu zuenetik bost urte pasatu direnean, eta 2023an Veneziako Mostratik igaro ostean, gaur, premisa nahiko harrigarria duen “Dogman” estreinatuko du. Haurtzaro gogorra eta latza izan duen gazte baten istorio mingotsa eta gordina azaltzen du. Txakurrekiko sentitzen duen maitasunari esker aurkituko du salbazioa. Gehiegikeriaz eta minez betetako iragana atzean utzi eta, haurra, helduarora iritsiko da txakur talde batek hazten duen bitartean.

“Dogman” filmaren gidoia idazteko, bost urteko semea kaiola batean giltzapetu zuen familia frantses bati buruzko benetako albiste batean oinarritu zen Bresson. «Horrelako mutil batek nolako bizimodua izan dezakeen galdetzen hasi nintzen neure buruari. Zer izango da heldua denean?, haren bizitza nolakoa izango zen imajinatzen saiatu nintzen», azaldu zuen zinemagileak.

Behin istorioa idatzita, arazorik handiena sortu zitzaion, pertsonaia hori nork gorpuztuko zuen pentsatzen hasi zenean. «Uste nuen ez nuela sekula aurkituko pertsonaia hau gorpuztuko zuen aktorerik», aitortu zuen Bessonek.

Caleb Landry Jones-ekin topo egin zuenean, zur eta lur geratu zen. Jordan Peele, Jarmusch edo Sean Baker bezalako zuzendariekin bigarren mailako aktore gisa aritu ostean, duela bi urte, Landry Jonesek aktore onenaren saria irabazi zuen Cannesen, “Nitram” filmagatik. “Dogman”-ekin Veneziako zinema jaialdian ere aktore onenaren sarirako hautagai izan zen eta, kiniela askotan irabazletzat jotzen zuten arren, azkenean Peter Sarsgaard-ek irabazi zuen.