02 AOûT 2024 THE CURSE Umore oso beltzez bustitako satira sozial deserosoa Gaizka IZAGIRRE Whitney eta Asher Siegel (Nathan Fielder eta Emma Stone) ezkonberriak dira protagonistak. Mexiko Berriko komunitate txiki bateko etxe hondatuak luxuzko etxebizitza eko-jasangarri bihurtzea da euren helburua. Honela, bizilagun berriak erakarriko dituzte, zonaldea nolabait berpiztu egingo dute eta bertako bizilagunei mesedea egingo diete. Tira, bizilagunei baino, batez ere euren buruei. Proiektu horren berri izan ostean, Dougie izeneko telebista ekoizle xelebre batek reality bat egiteko aukera ikusiko du. Gure gizartea modu hipokrita eta doilor batean islatzen du telesailak. Ospea eta diru gehiago lortzeko helburuz, “aberats berriak“ deiturikoak, ustezko ekintza solidarioen bidez, beren irudia garbitzen eta zuritzen saiatzen diren gizartea. Ideia horretatik tiraz, umore oso beltzaren eta satira sozialaren arteko nahasketa proposatzen du serieak hasieratik; lan sailkaezina da. Tonuari eta estiloari dagokienez, zin degizut azkenaldian ikusi duzun proposamenik bitxiena dela, deserosoena, eta une batzuetan baita absurdoena ere. Umorea, drama, beldurra… ez dakit zein den etiketarik egokiena, egoera deseroso horien bidez, zenbait unetan, izuen eremura ere jauzi egiten baitu. Metafikzioa eta dokumental faltsuaren lengoaiaz baliatzen da narrazioaren zenbait ikuspegirekin jolasteko. Nolabait, “ikusle-voyeur” bilakatzen gara une askotan. Argi esango dizuet ez dela mundu guztiak ikusteko moduko proposamena, inondik inora ere. Estreinaldien tsunami honen barruan, edukiak gero eta antzekoagoak direla uste baduzu eta proposamen desberdinak maite badituzu, ordea, “The Curse” da ikusi behar duzun hurrengo telesaila. Bitxikeria liluragarria irudituko zaizu. Niri hala iruditu zait, behintzat.