04 AOûT 2024 Barrua mugituta Ane URKIRI Kazetaria Simone Biles lehiatzen ikusi ostean, hitz egokienen bila ari zara, estatubatuarrak egindako magia ganoraz islatuko duen hitz horren bila... Ordainetan zerbait zor bazenu bezala zaude. Inguruko kazetariekin sentsazioak elkarbanatzen hasi ahala, dei batek eragotzi dizu jarraitzea. Osaba da, kirolari zein kirolzale amorratua. Egunaren errepasoa egin du, hain justu Pau Echanizek irabazi du brontzezko domina. Xabi Echanizen semea dela, bere garaian sona handiena zuen euskal piraguista. Maialen Chourrautekiko bere miresmena ere aitortu du, hastapenetatik jarraitu baitu lasarte-oriarraren ibilbidea, behin Seu d’Urgellen gelditu zela, kuriositatez, entrenamendu bat ikusten. «Esan zidan zure aitak zuri komentatzeko». Jardun dugu triatloiaz, maratoiaz, igeriketaz, gimnastikaz... Ordu erdi luzez. Onartu diot triatloia ikustean beraz oroitu nintzela, amonaren etxeko argazki horiek gogora etorri zitzaizkidala, baina, ezkutatu egin diot. Non nagoen jabetzen saiatu da, telefonoz bestalde ere igarri diot ilusioa, lankideei kontatu eta ez diotela sinetsi ere egin... Ordura arte, erredakzio erraldoi batean lanean bazenbiltza sentitu zara. Mundu osoko kazetariekin esperientzia partekatzen, airean, hankak lurrean jarri gabe. Oroitu duzu orduan, txikitan, aitona-amonen etxean beti kirola jarrita zegoela telebistan -pilota eta futbola hein handi batean, baina kirola arnasten zela-, kirolak hartzen duela protagonismoa sendiarekin elkartzean, izan barbakoa edo Gabonetako poteoa, kirolak mugiarazten gaituela. Kirola ere badelako sentimenduen eragilea. Aurrez aurre emozionatzen ikusi dituzu Adriana Cardoso eta Mariane Fernandes, «ametsa betetzen», Brasilgo inguru umiletik Parisko erakusleihoraino. Kirolarien alde gizatiarrak aberasten ditu Olinpiar Jokoak, eta norberari etxeko dei batek aberastu dio egonaldia. Kirola ere badelako sentimenduen eragilea. Aurrez aurre emozionatzen ikusi dituzu Adriana Cardoso eta Mariane Fernandes, «ametsa betetzen». Kirolarien alde gizatiarrak aberasten ditu Olinpiar Jokoak eta norberari etxeko dei batek aberastu dio egonaldia.