GARA Euskal Herriko egunkaria

EAJn «ideia, egitura eta agintari berriak» eskatu ditu Mediavillak

EAJk udazkenean abiatuko du alderdia eraberritzeko prozesua, baina ez dago argi EBBren osaketa noraino aldatuko den. Andoni Ortuzarrek, esate baterako, ez du adierazi zer egingo duen. Testuinguru honetan, Koldo Mediavilla burukideak aldaketa sakona eskatu du, «ideia, egitura eta buruzagi berriak» proposatuz.

EAJren EBBko kide Koldo Mediavilla. (EAJ-PNV)

Zarata gehiegirik gabe, EAJk udazkenean abiatuko duen eraberritze prozesuaren inguruko lehenengo jarrera hartzeak publiko egiten hasi dira. Barne mailan pisu handia duen Koldo Mediavillaren txanda izan zen atzo, esaterako. Bere blogean eta ‘‘Deia’’ egunkarian argitaratutako artikulu batean, burukide bizkaitarrak itzulingururik gabe eman zuen iritzia: «EAJ berri bat» eskatu zuen, «ideia berriekin, egitura berriekin, eta agintari berriekin».

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak bere etorkizuna argitu gabe jarraitzen duen honetan, Mediavillaren hitzak esanguratsuak dira. Bai Ortuzarrek lekukoa ematea defendatzen duelako, bai eta eraberritze orokorra eskatzen duelako ere. Alegia, egungo zuzendaritzan aldaketa sakonak eskatzen ditu.

«EAJk barne oreka puntu berri bat aurkitu behar du, arina eta erabakietan eraginkorra izatea ahalbidetuko diona eta, aldi berean, oinarri militantearekin komunikazio erraz eta azkarra izango duena, kanpoko hedabideek barne elkarrizketa oztopatu ez dezaten. Erronka hauei guztiei aurre egiteko, aldaketa gidatuko duen gizatalde berriak behar ditu», idatzi du Mediavillak.

«Kemen berriarekin, ideia berriekin eta Euskadiren askatasunerako eta bertako jendearen ongizaterako sortutako eta prestatutako erakunde bat zerbitzatzeko gogoz iritsiko diren alderdikideak» eskatu zituen burukideak zuzendaritza berrian, azaldu gabe berak zer egingo duen.

Berriketa hori Alderdi Egunaren ondoren hasiko den prozesuan izango dela gogoratu du gero Mediavillak. Orduan martxan hasiko da Batzar Nagusi berri baten erlojua. Erronka ez da makala: «Gehienez ere sei hilabeteko epean EAJ berri bat bultzatuko duen prozesu birsortzaile oso bat garatzea. Ideia berriekin, egitura berriekin, eta agintari berriekin».

ALDERDIAK IAT GAINDITU BEHAR DU

Mediavillaren ustez, Ibilgailuen Azterketa Teknikoa pasatu behar du Euzko Alderdi Jeltzaleak. Alderdiaren historia luzea errepasatu, beste krisi garai batzuk gogoratu, eta, Ortuzarrek bezala, EAEko lehendakaritza eta Bruselako eserlekua mantendu izana goraipatu ditu Mediavillak bere idatzian, azken hauteskundeetako gainbehera ezkutatu gabe.

«Alderdi zaharrak oinak arrastatuz egin du aurrera batzuetan, eta berandu iritsi da genero berdintasuna bezalako funtsezko eta ezinbesteko aldaketetara (...). Gabezia hori gaindituta, landu beharreko hobekuntza eremuak falta dira oraindik. Sabino Aranak sortu zuen tresnak IAT pasatu behar du. Bere doktrina printzipioak eguneratu eta berretsi behar ditu, garai berriekin bat datorren profil sozioekonomikoa eta kulturala aurkeztu behar du», ohartarazi du Mediavillak, jeltzaleek aurrean dituzten betebeharren zerrenda osatuz.