GARA Euskal Herriko egunkaria

Gasteizko urrezko domina jaso du Terrorismoaren Biktimen Zentroak

Gasteizko Udalak hiriaren Urrezko Domina eman zion atzo Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroari. Memoria Osoa plataformako Nerea Martinezek NAIZ Irratian aitortu zuen «umiliagarria» izan dela, eta elkarbizitzaren aldeko ahalegina egin behar dela.

Maider Etxebarria alkatea eta Florencio Dominguez Memorialeko arduraduna. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Ateak zabaldu aurretik hautsak harrotu zituen Gasteizen ireki nahi zuten Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak; ireki zutenean ez ziren eztabaidak baretu; eta azken egunetan berriro piztu dira, atzo bertan jaso baitzuen zentroak Gasteizko Urrezko Domina, hiriko sinbolo preziatuenetako bat.

Udalak hiriaren Urrezko Domina eman zion Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroari, eta bertako zuzendari Florencio Dominguez ETAren «ikuspegi erromantiko eta idealizatuaren» aurka mintzatu zen. Joan den ostiralean domina hori zela eta, elkarretaratze bat egin zuten, zentroak Estatuaren indarkeriaren biktimak ez dituela barne hartzen salatuz eta «memoria osoa» aldarrikatuz.

Memorialaren zuzendariak ETAk Arabako hiriburuan hildako 28 pertsonak gogora ekarri zituen: lehenak, 1978an metrailatutako hiru polizia espainiar, eta azkena, Maximo Casado espetxe-funtzionarioa, 2000. urtean hila.

Hori dela eta, belaunaldi berriek «terrorismoagatik» biktimek pairatu zutena ezagut dezaten lan egitera deitu zuen. ETAri dagokionez, «indarkeria gaitzesteko kontzientzia orokorra lortu behar dugu», eskatu zuen.

Izan ere, bi arrisku daudela ohartarazi zuen: lehenengoa, «terrorismoaren ikuspegi erromantiko eta idealizatua», eta bigarrena, «indarkeriak helburu politikoak lortzeko balio duela pentsatzea. Inkestek diotenez, oraindik ere badira terrorea helburu politikoekin erabiltzea justifikatzen edo barkatzen duten gazteak».

«UMILIAGARRIA»

Gasteizko Udalaren erabakiari «iraingarri eta umiliagarri» irizten dio Memoria Osoa plataformako kide Nerea Martinezek; hala azaldu zuen atzo NAIZ irratian. «Bizikidetzaren ereduaren aurkako eraso bat» da, Martinezen ustez.

Memoria historikoko eta Estatu indarkeriaren biktimen elkarte zein herri mugimenduei esker, «memoriaren atal garrantzitsu bat bizirik» mantendu dela txalotu zuen; eta gehitu, instituzioengatik balitz ez ginatekeela «gauden tokian egongo». Gasteizen eraikitako zentroan «beraiek kontatu nahi dutena soilik dago», Memoria Osoa plataformako kidearen esanetan: «Beraien kontakizunak indarra izan eta eraginkorra izateko, gaur egun sufritzen ari garen zigorgabetasun eredua babesteko jarraitu nahi dute bere horretan; hori da arazoa, zentro hori tresna gisa erabiltzea da, biktimen kategorizazio eta diskriminaziorako».

Bestalde, Maria Jesus San Jose Justizia sailburuak berriki pareko jarri zituen Gogora Institutua eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa. Horrek kezka eragin du zenbait sektoretan. Nerea Martinezek azpimarratu zuen euren ustez ahalegina memoria oso hori eraikitzen jarri behar dela, eta ez horrenbeste batak edo besteak historiaren bere zatia eraikitzean: «Bazterketarik gabeko elkarbizitza eraikitzean jarri behar da ahalegina».

Zer egin beharko litzatekeen jada irekita dauden zentroekin? Martinezek proposatu zuenez, «gure herriaren memoria modu diskriminatzailean lantzen duten gune horiek guztiak bertan behera utziko nituzke, eta gizarte demokratikoan aurrera egiten lagunduko diguten ahaleginetan indarra jarri».

«Milaka biktimaren aitortza ofiziala eta ikusgarritasuna» lortu behar da, bere arabera, eta horretarako, «ezin ditugu mila kaxoi ezberdin egin», gaineratu zuen. «Giza eskubideen urraketa guztiak barne hartzen dituen memoria integrala, eta horretan oinarritutako dinamikak egin behar dira», argitu zuen.