06 AOûT 2024 SKYWALKERS: A LOVE STORY Thrillerra ala maitasun istorioa? Gaizka IZAGIRRE Bertigoa baduzue, dokumental hau jasanezina irudituko zaizue. Ez da nire kasua -bertigoarena- eta, hala ere, izerditan amaitu dut, begiak erdi estalita eta kirioak dantzan. Lan honek Angela Nikolau eta Ivan Beerkus ditu protagonista; bikote honek munduko eraikinik altuenak eskalatzen ematen du bizitzaren zati handi bat eta ekoizpen honek ekintza arriskutsu horiek jasotzen ditu. Narrazioaren abiapuntua Merdeka eraikina da, Kuala Lumpurren (Malaysia) dagoen etxe orratza, munduko egiturarik altuenetarikoa. Bikotearen helburua eraikin hori igotzea da. Hor hasten da istorioa, baina gertaera hau amaieran berreskuratuko da, denboran atzera egingo baitugu bi gazteon bizitza ezagutu eta ogibide bilakatu den zaletasun hau nondik datorren ezagutzeko. Hortik aurrera, maitasun-istorio baten eta thriller baten arteko nahasketa ikusiko duzue. Gidoiak bi zutabe nagusi ditu. Lehenak babesik gabe eta soilik eskuekin eraikin handiak eskalatze ekintza horien nondik norakoak erakusten ditu (prestakuntza, igoerak, grabaketak, sare sozialen eragina, covid-19aren pandemiak beren jardunean izan zuen eragina eta abar). Hau guztia bikaina iruditu zait, ikusgarria, aho zabalik geratu naiz. Beste zutabea beraien erlazioari dagokiona da, eta hori erdipurdikoa dela uste dut. Narrazioan nola txertatua dagoen artifizial samarra iruditzeaz gain, jaurtitzen dituzten zenbait mezu apur bat toxikoak direla edo sobera daudela iruditu zait -gizon-emakumeen rolen eta erlazioen inguruko esaldi zaharkitu samarrak, esaterako-. Bestetik, osasun mentalaren garrantzia ez da aipatu ere egiten eta uste dut oinarrizkoa dela horrelako ekintza batean. Une batzuetan errepikakor samarra dela ere esango nuke baina, irudiak hain ikusgarriak eta ikaragarriak dira, ezen ezingo baituzu begirada pantailatik inongo momentutan kendu.