GARA Euskal Herriko egunkaria

Tanzanian hildako ama-alaba getxotarrek auto istripua izan zuten Ngorongoroko kraterrean

Igandean Tanzanian hildako bi euskal turistak zirkulazio-istripuan hil ziren. Familia bereko lau kide zihoazen ibilgailua «irauli eta 600 metroko altueratik erori zen», Ngorongoroko krater inguruan.

Tanzaniako herrialde osoan zehar egiten ari ziren bidaian izan zuten istripua. (EUROPA PRESS)

Getxoko bi emakume, ama-alabak, Tanzanian igandean izandako istripu batean hil ziren, Afrika erdialde-hegoaldean, Atzerri Ministerio espainolak atzo baieztatu zuenez. Autoan familiako beste bi kide zihoazen: aitak hezur-hausturak ditu hanketan eta besoan eta pronostiko larria aurreikusten dute; 15 urteko semeak lesioak ditu bularrean, saihets-hezurrak hautsita, eta litekeena da birikak zulatzea, informazioaren arabera.

Familia osoa Getxon bizi zen, eta bertako alkate Amaia Aguirrek bere «atsekabea» agertu zuen eta «doluminik zintzoenak» helarazi zizkion familiari. Era berean, «une mingarri hauetan beharrezkoa denerako babes eta prestasun osoa» agertu zuen, eta familia horren intimitatea errespetatzeko eskatu zuen.

«IRAULI ETA ERORI EGIN ZEN»

Ezbeharraren lekuko izan zen gidari turistiko batek atzo Radio Euskadin azaldu zuenez, safari baten amaieran gertatu zen istripua, iristeko zaila den eremu batean, Ngorongoroko krater inguruan; «han gidatzeko esperientzia handia behar» dela azaldu zuen.

«Kraterretik irtenda, oso kurba itxia eta aldapa handia dago. Uste dut gidariak ezin izan zituela autoko martxak azkar aldatu; atzera itzuli, irauli eta kraterrerantz erori zen», zehaztu zuen.

Gertatutakoaren ondoren, gidariek eta lekukoek lagundu zieten zaurituei. «Bizkarrean eraman genituen goraino, eta hara iritsi zen Gobernuaren anbulantzia, ospitalera eramateko», kontatu zuen.

Kanpo Arazoetako Ministerio espainolaren arabera, istripuaren berri izan ostean, Afrikako herrialde horretako enbaxada «kaltetuei laguntzeko beharrezko kudeaketa guztiak egiten ari da». Oraingoz, herrialdean zehar bidaia bat egiten ari zirela eta heriotzak istripu baten ondorio izan direla baino ez dute jakinarazi.