09 AOûT 2024 Ate joka diren festen irrikitan daude Nafarroako makina bat herritan Leitzan, Agoitzen, Goizuetan, Burlatan, Tafallan eta Faltzesen dena prest dute datozen egunetan -bihar bertan, zenbait kasutan- iritsiko diren jaietarako: jantzi zuriak, zapi gorria, kaleak beteko dituzten ekimenak eta haiek bizitzeko grina... Egutegian markatutako datak gorabehera, abuztuko aste garrantzitsuenaren atarian dira. Leitzan festen hasieraren berri emango du erraldoien eta buruhandien kalejirak. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) GARA IRUÑEA Ez da askorik falta bihar arratsaldeko txupinazoarekin Leitzan sei eguneko festei ekin diezaieten. Aurrez, Sarek deitutako manifestazioa eta bazkari herrikoia egingo dituzte. Tiburtzio Donearen egunez, ezpata dantza, herri kirolak eta Euskal Rock Erradikalaren Gaua dira hitzordu nagusiak. Amaierako “Pobredemí” arte kalejirak, goxoki banaketa, txistulariak, entzierroak, zezensuzkoa edo haur jolasak izanen dira. Pilotazaleak zorionekoak dira, lau lurraldeko emakume txapeldunen eta herriko afizionatuen partidez gain, profesionalen bi ere ikusteko aukera izanen baitute. Bertsozaleek ere puntako saio bat dute 13an. Plazan Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal, Aitor Sarriegi, Saioa Alkaiza eta Joanes Illarregi herrikidea ariko dira. Atekabeltz gaztetxeak bere proposamena antolatu du. Kontzertuak igande gauerdian hasiko dituzte, eta Gazte Eguna eginen dute 14an. Agoitzen bihar eguerdian Erraldoien eta Buruhandien Konpartsak suziria botako du udaletxeko balkoitik, jaiak abiatzeko. Keinu horrekin 50 urteko ibilbidea aitortu nahi diete. Jaiak lehertuta, igandean erraldoien eta buruhandi konpartsen elkarretaratzea, euskal dantzak eta pilota partidak izanen dira. Hilaren 12a Haurren Eguna denez, Udal Txikiari harrera eta txupinazo txikia eginen dituzte. Hilaren 13an Gazteriaren Eguna izanen dute, gazte bazkari eta disko gaztearekin. Hilaren 14a Adinekoen Eguna izanen da. Protagonistek San Migeli eskaintza eginen diote eta udal agintariek zahar etxea bisitatuko dute. Bazkalondoa Carisma taldeak girotuko du eta, ondotik, Larrain Dantza eginen dute. Aste erdian helduko dira Goizuetako festak: hilaren 14tik 18ra luzatuko dira. Suziria eguerdian botako dute eta ostean pilota partidak, bertsolariak, zezenak, txarangak, kontzertuak, Goittikiren aldeko bingoa... izanen dira. Egun bakoitzak bere izena eta izaera du. Gazte Eguna da lehena, eta, bazkariaren ondoren, Peña irteera eginen dute, besteak beste. Biharamunekoa, Amabirjin Eguna da. Pilota partidak, herri kirol erakustaldia eta bertsolariak dira hitzordu aipagarrienak. Sagardo Egunean, hilaren 16an, zenbait ekoizleren sagardoa probatzeko parada dute. Gauerdia pasatuta, Lasturko zezenekin entzierroa eginen dute. Hilaren 17an umeak protagonista izanen dira, eta azkena Peñaren Eguna da. Gauerdian bukaera ekitaldia eginen badute ere, txosnan goizaldera arte segituko du jaiak. Data berean hasita, sei eguneko jaia izango dute aurretik Burlatan. Dianak, erraldoiak, txarangak, kontzertuak... iragarri ditu Udalak. Halaber, herri erakundeek antolatutako eskaintza ere badago. Hilaren 14tik 19ra doan egitarauaren ardatzak kirola eta musika dira. Horrela, Gozategi, Koma, Basu edo Los Descartes arituko dira, besteak beste. Astebeteko egitaraua prestatu dute Tafallan. Hilaren 14tik 20ra doazen 130 hitzorduei kuadrillek eta gainerako eragileek antolatutakoak gaineratu behar zaizkie. Asteburu honetan behi askatzea, jota txapelketa edota Hermana Furia eta Goxua’n Salsa taldeen emanaldiak iragarri dituzte. Musika Eskolak botako duen txupinazoaren ondoren, puzgarriak, dantzak, entzierroak, burtziketak, errondak, Euskaren Eguna izanen dira. Ostiralean, hilak 16, gazte afaria DJ batek girotzeaz gain, zezen mekaniko bat paratuko dute. Txosnetan Tafallako Jai Herrikoien Mugimenduak kontzertuak antolatu ditu, baita bestelako jarduerak ere. FALTZESBihar eguerdiko txupinazoarekin hasi eta hilaren 19ra arte, Faltzesen ere herriko jaiak dituzte. Besteak beste, Pilongo zortzi entzierro egingo dituzte, goizetan.