GARA Euskal Herriko egunkaria

Bele, Hofe, Bulego, Nakar, Pelax, Belako, Amparanoia, Esne Beltza... Donostian zain

Badator Donostiako Aste Nagusia. Bihar hasi eta abuztuaren 17ra bitarte luzatuko dira festak. Musika eskaintza zabala izango da hirian datozen egunetan. Batetik, La Flamenka gunean eta Trinitate Plazan Donostiako Piraten egitaraua; bestetik, Saguesen, Udalarena. Jaia hastera doa.

Bulego asteazkenean igoko da La Flamenkako agertokira. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Donostiako Piratek laranja koloreko afixan zabaldu dute aurtengo Aste Nagusiko musika eskaintza. Azken urteetan bezala, bi gune nagusitan burutuko dira zuzenekoak, eta Portuko Flamenkan eta Trinitate plazan egingo dira kontzertuak 23.05etik aurrera. Guztira, 25 musika proposamen ikusteko aukera. Askotariko doinuak entzun ahalko dira Piraten gune askeetan.

Azken urteetan egin bezala, erromeria talde batek zabalduko du egitaraua Flamenka gunean. Aurten Akerbeltz taldeari egokitu zaio piratak dantzan jartzeko ardura.

Iganderako ere musika menu ederra prestatu dute, eta bide horretan etxean ariko da Lide Hernando musikariak gidatzen duen Bele egitasmoa. Aurten zintzilikatu du sarean “Errari” debuteko diskoa, eta nagusiki sustraidun musika beltza nagusituko da emanaldian.

Ondoren, jaia luzatzeko, goizaldeko 01.00ean Hofe igoko da agertokira. Neguan aretoetan zehar bira burutu du, eta uda honetan Euskal Herriko jaigune askotan aritu da zuzenean, 4:40 banda agertokian lagun. Elektronika lanabes, gaur egungo giroetan sakontzen du abeslari nafarrak, punk jarrera handiz.

LOS ZOPILOTES TXIRRIAOS

Astelehenean abordatze eguna izango da, eta arratsean, dozenaka baltsa itsasoratu eta gero, 20.00etan Los Zopilotes Txirriaos taldearekin gozatzeko aukera izango da. Nafar mexaren errege berriak ohiko kantu eta ereserkiak joko dituzte, “hit” kargadorea beteta.

Suak amaitutakoan taularatuko dira Tremenda Jauria taldeko kideak. Kutsu elektronikoa duten reggaeton eta cumbia, feminista pirata guztiak dantzan jartzeko. Gaualdia La Fulana disko jartzaileak biribilduko du, Donostia bertatik agertoki handia sutan jarriz bere musikarekin.

Bestelako giroetan etorriko da asteartea. Ohiko rocka, elektronika eta popa alde batera utzita, Albina Stardust eta Divina Comediaren drag ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da. Kantu eta dantza askeak, mundu berri batean mapan. Gaueko ginga DJ Pezon eta DJ Azkura disko jartzaileek jarriko dute.

AZKOITITIK

Asteazkenean talde bakarra ariko da, eta hortaz 00.30ean hasiko da Bulego taldearen zuzenekoa. Joan den urtean Saguesen aritu ziren, Donostiako jaien gune handienean. Aurten Piraten deiari baietz esan eta Flamenkan ariko dira. Gaur egun gurean den talde esanguratsuen artean toki bat egitea lortu du talde azkoitiarrak, milaka zaletu batuz euren doinuetara.

Ostegunean bi musika proposamen ausart ikusteko aukera izango da. Gaualdia zabaltzen, Nafarroatik, Burutik taldea ariko da. Bandak zazpi urteko bidea egin du dagoeneko, eta argitaratu duten disko bakoitzean zerbait berria proposatu dute. Banda gaztea izan arren, badute eskarmentua, eta hori erakutsiko dute akordeoiak gidatzen duen pop rock doinu gozoarekin. Goizaldeko 01.00ean Nakar taldeak hartuko du eszena, Donostia bertatik, post-punka eta elektronika giroetan barna. Laster argitaratuko dute taldearen disko berria, eta bitartean debuteko “Lore eta laba” izango dute zuzeneko kantu zerrendaren zutabe.

Ostiral gauean, berriz, gitarrak zorroztuko dituzte Flamenkan. 23.05etan Pelax banda ariko da, aurten kaleratu duten “Esan gabe doa” diskoa besapean. Garapen handiko rocka, base erritmiko indartsua eta gitarra beroak proposatzen ditu banda donostiarrak, zuzenean eztanda egiteko prest diren kantuetan. Distortsioaren bidetik iritsiko da ondorengo taldea: Belako. 01.00ean taularatuko da Mungiako banda, eta, ‘‘Sigo Regando’’ diskoko kantuekin batera, azken hamarkada honetan egin dituzten klasikoak joko dituzte emanaldian.

SARA SOCAS

Abuztuaren 17koa azken musika gaua izango da La Flamenkan. Gaueko lehen protagonista Sara Socas izango da. Kanariar uhartetatik datorren rap abeslaria da honakoa, Freestyle giroetan, errima eta erritmo bizietan. Bestelako erritmoetan amaituko da gaua Juantxo Skalari & La Rude Band taldearen ska, reggae eta rocksteady giroekin.

Aurten ere Trini plazan zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da afalondoren. Lehen gauean Rukularen rock instrumentala eta K. Ttipiaren musika pintxadaz gozatzeko aukera izango da. Igandean Dj Dultze Meneoren musika saioa, eta astelehenean Andoni Ollokiegiren ikuskizuna.

Asteartean pop doinuak nagusi izango dira Aria musikariaren saioarekin, eta asteazkenean La Jodederaren erritmo kubatarrek girotuko dute gaualdia.

Ostegunean Felix Rudiger eta Vincent Bestaven musikariak ariko dira, bi gitarrez. Ostiral gauean Eraul egitasmoa taularatuko da, aspaldiko partez, banda formatuan eta kantu berriak besapean. Triniko azken emanaldia abuztuaren 17an izango da, giro akustikoetan datozen Elene eta Anuk musikari gazteen eskutik.

SAGUES

Sagueseko musika kontzertuak, ohikoa denez, 23.45ean hasiko dira. Bihar Amparanoia eta Los Artistas del Gremio izango dira oholtzan. 90eko hamarkadaren bukaerako mestizajearen aitzindaria da Amparanoia, eta nazioartean erreferentzia da.

Artistas del Gremio Zaragozako txaranga edo brass band bat da, eta publikoarekin harremanetan oinarritutako estilo berezia dute. Aragoiko taldeak lau album ditu eta hainbat soinu bandatan eta nazioarteko kolaborazioetan parte hartu du.

AGURREKO BIRA

Hamazazpi urteko ibilbidea egin ondoren, Saguesko agertokian aurkeztuko da Esne Beltza abuztuaren 11n, bere ibilbide luzean jarraitu dieten milaka lagunei agur esateko.

Xabi Solano buru duen taldeak urtebetez zuzeneko emanaldiak egingo ditu, bere ibilbideari amaiera emateko, eta eszenatokiak presarik gabe utziko ditu. Bide batez, “Esne Bidea” disko berria aurkeztuko dute eta, aldi berean, beren betiko abesti arrakastatsuak gogoratuko dituzte.

Ben Yart, Kiliki Frexko eta Brava Showcasek osatuko dute lehen aldiz Saguesen egingo den DJ gaua, abuztuaren 12an. Ben Yart eta Beñat Rodrigo aka Kiliki Frexko Chill Mafia taldearekin ezagutuko zituzten askok. Brava musikak eta energiaz betetako ikuskizunek erakartzen duten diziplina anitzeko artista da. Mundu osoko jaialdi eta klub garrantzitsuenetan ibili da, hala nola Coachella, Sonar, Primavera Sound, La Machine du Moulin Rouge edo MusicBox.

Abuztuaren 13an izango da Nil Moliner. Tina Turnerren energia Donostiara ekartzeaz Totally Tina! arduratuko da abuztuaren 14an. “Simply The Best”, “Private Dancer” edo “What’s Love got to do with it?” abestiak entzungo dira.

NØGEN

Etxekoak entzuteko aukera izango da abuztuaren 15ean Donostian: Nøgen. Folk-pop musika egiten dute, sustrai anglosaxoikoa eta euskaraz abestua bereziki. Indie, amerikar eta rock estiloak ere lantzen dituzte.

Abuztuaren 16an, berriz, Los Zigarros rock&roll talde valentziarra igoko da oholtzara. Taldekideak Ovidi Tormo (bokalista eta gitarrista), Alvaro Tormo (gitarrista), Adrian Ribes (bateria) eta Nacho Tamarit (baxu jotzailea) dira.

Aste Nagusiko egitarauari amaiera emateko, La La Love You pop punk musika taldea izango da, Madrilgo Parla udalerrian 2007an sortua. Haien kideak, musika egiten gozatzen duten lau lagun, honako hauek dira: Roberto Amor (ahotsa eta gitarra), David Merino (ahotsa eta gitarra), Lydia Carre (koruak eta baxua) eta Oscar Hoyos (bateria).

Denetariko aukera eskaintzen du aurtengo Aste Nagusiak Gipuzkoako hiriburuan. Musikaren arloari dagokionez, zortzi egunez izango da zer ikusi eta zer entzuna.