10 AOûT 2024 KOLABORAZIOA Pedagogia: hirugarren urrats bat Josu TXAPARTEGI ARAMENDI Aspaldi eman genuen lehen urratsa, haurra eskolaren erdigunean kokatu behar zela esaten hasi ginenean. Paidozentrismoa deitu genion ildo pedagogiko hari, eta Adarrako ikastaro haietatik zabaldu zen Euskal Herriko eskoletara. Autore multzo bat lagun izan genituen: Montessori, Piaget, Freire, Freinet, Tonucci... bakoitza bere berezitasunekin. Bigarren urratsa Oteitzaren intuizio pare batean oinarritu zen. a) Haurren heziketarako erabili behar den eredua ez da haurra bera, gizarte heldu baten eredua baizik; kultura demokratiko batek islatzen duen eredua da egokia haurraren heziketarako. b) Haur bakoitzaren testuinguru hurbilenetik abiatzea komeni da, kontuan izanik haurrarengan sentimenduak pentsamenduaren aurretik bezala doazela. Bi edo hiru ideia hauen konbinaziotik jaio dira urte hauetako euskal curriculum propio baten alde egin diren ahaleginak eta lortu diren emaitzak. Baita ere “eskola komunitatearen” ideia interesgarria bezain beharrezkoa. Ahaztu gabe “herri hezitzaileak” programaren inguruan sortzen ari den antolaketa guztia. Bigarren urrats horri “curriculum-herria” dei diezaiokegu. Horiek guztiak ongi egonik ere, ate joka datorkigun hirugarren elementua gehitzen joateko prestatzen hastea komeni da. “Lurraren” elementua deituko diot. Kostatzen ari zaigu aldagai honen garrantziaz jabetzea, baina derrigorrezkoa da, haurren heziketaz ari garenez, arlo honek bere leku propioa irabaztea. Ez dakit akats guztia Bibliaren hitz haietatik datorren: “Gizonak boterea izango du, itsasoko arrainen, zeruko hegaztien eta lehorreko animalien gainean aginduz”. Jada jabetu gara, pentsamendu horrekin jarraitzen badugu, zulora goazela zuzenean. Lurraren mugimendu hau zabaltzen hasita dago landa eskoletan eta natur programa ugarietan. Gauza da, “haurrari” eta “curriculum-herriari” eskaini diogun garrantzi bera eskaintzea “lurrari”; gainera, horren egitea gaurko hezitzaileoi tokatzen zaigu. Hezkuntza legea onartu berrira hurbildu naiz elementu hori jasotzen ote den ikusteko. Ezusteko atsegina hartu dut Legearen hezkuntzarako printzipioen artean hauek irakurri ditudanean: “Ikasleen.... ingurunearekiko konpromisoa bultzatuz, bereziki planetaren etorkizunari dagokionez... ikasleen inplikazioa bultzatzea garapen jasangarriari dagokionez, baita klima aldaketaren ondorioak... ingurumena errespetatzea eta zaintzea”. Deitu lurra, deitu planeta, euskal haurrek eskubide guztia dute bere hezitzaileen ahotik azken berrehun urte hauetan eraiki dugun bizimoduaren alde positiboak ezagutzeko, baina baita ere sortu dugun sarraskiaren neurriaz jabetzeko. Hor hasi liteke -hasita dago- belaunaldi berriek defendatuko duten lurrarekiko errespetuan eta lurrarekin orekan bizitzeko paradigma berri bat. Gauza da, “haurra”ri eta “kurrikuluma-herria”ri eskaini diogun garrantzi bera eskaintzea “lurrari”