GARA Euskal Herriko egunkaria

Tindufetik etorritako Saharako haurrei harrera goxoa egin die Iruñeko Udalak

Iruñerriak Mendebaldeko Saharako herriarekin duen elkartasuna nabarmendu du Iruñeko alkate Joseba Asironek, Oporrak Bakean programan parte hartzen duten haurrei eta abegi familiei harrera egitean. Irailaren 3an itzuliko dira haurak errefuxiatuen kanpalekuetara.

Saharako haur bakoitzari opari bana eman diote. (Iñigo URIZ | FOKU)

Tindufetik Nafarroara etorritako haurrei harrera egin diete Iruñean. Adin txikikoak urtero etortzen dira bi hilabetez Euskal Herriko zenbait herri eta hiritan uda pasatzera. Nafarroara uztailaren 3an iritsi ziren, eta irailaren 3an bueltatuko dira Aljerian kokatuta dauden errefuxiatuen kanpalekuetara.

Udal korporazioko kideek 6 eta 13 urte bitarteko sahararrei eta haien abegi familiei harrera egin diete. Sahararren izenean, Hamdi Aomarrek Udalari eskerrak eman zizkion harrera antolatzeagatik, Mendebaldeko Saharak sufritzen ari den egoera salatzeko aukera bikaina dela esanez. «Haur hauek munduaren aurrean gure kausaren alde borrokatzen duten enbaxadore txikiak dira», adierazi zuen.

Iruñeko alkateak, Joseba Asironek, eskerrak eman zizkien abegi familiei, «etxeak eta bihotzak haurrei irekitzeagatik». Era berean, nazioarteko komunitateak Mendebaldeko Sahararen okupazioaren aurrean duen jarrera pasiboa kritikatu zuen alkateak.

Sahararen Nafarroako Lagunak elkarteak antolatzen du ekimena, Oporrak Bakean programa ezagunaren bidez. 1997tik saharar haurren familia harrera prozesuak aurrera eramateaz gain, bestelako ekimenak antolatu izan ditu elkarteak. Mendebaldeko Saharak bizi duen gerra egoera salatzea ere garrantzitsua dela diote taldeko kideek. Izan ere, hango herritarrek 40 urte baino gehiago daramatzate Marokoren okupazioa sufritzen eta salatzen.

Hori dela eta, kanpalekuetan bizi diren haurrak baldintza txarretan hazten ari dira, eta bakea ezagutu gabe heldu bihurtzen dira. Haurtzaroa ahalik errazena izatea da, hain zuzen, Oporrak Bakean programaren helburuetako bat, Tindufetik datozen haurren bizi baldintzak hobetzeko. Alde batetik, ihesbide moduan antolatzen dute, basamortuan kokaturik dauden kanpalekuetan 55 gradutik gorako tenperaturak jasan ditzaketelako udan. Beste aldetik, haien osasun egoera guztiz aldatzeko aukera dago. Tindufen lortu ezin dituzten azterketa medikoak, tratamenduak eta ebakuntza kirurgikoak jaso ditzakete haurrek. Horrez gain, adin txikikoen elikadura zaintzeko aukera ematen du ekimenak, elkartearen arabera, Saharan bizpahiru egunetan behin jaten dute eta.

Elkarteko presidente Jose Ochoak kanpalekuetan bizi duten egoera latza gogoratu zuen: «Ekimena polita da, baina kontuan izan behar dugu haur hauen errealitatea oso gogorra dela».