12 AOûT 2024 SURFA Erostarbe, bikain Huntington Beachen Challenger Series mailako lehiaketan Nadia Erostarbe zarauztarrak CS rankingeko lehen postuetan jarraituko du Kaliforniako txapelketaren ostean. Irizpide aldaketa: aurrerantzean WSLko txapelketetan ikurrina duten surflariak bakarrik izendatuko dira «euskal surflari» moduan. Nadia Erostarbe, Kaliforniako Huntington Beach hondartzan, CS mailako txapelketan. (WORLDSURFLEAGUE) Haritz LARRAÑAGA Datozen asteetan munduko txapelketen egutegia oparoa izango da. Europa mailan Qualifying Series mailako txapelketak hasi dira, Kalifornian Challenger Series mailako txapelketa garrantzitsua egin berri dute eta Championship Tourreko azken txapelketak heltzear dira. Beraz, lehen, bigarren eta hirugarren mailako munduko txapelketak izango dira abuztuan. Ingalaterran 1.000 puntuko QS txapelketa egin zuten pasa den asteburuan, eta Keoni Lasa zarauztarra eta Janire Gonzalez Etxabarri zumaiarra final erdietara iritsi ziren. Kalifornian, CS mailako txapelketan Nadia Erostarbe zarauztarra final erdietara iritsi zen. Lerro hauek idazterako orduan oraindik ez zen amaitu Kalifornian egin zen CS itzuliko laugarren txapelketa, baina azken emaitzak jakin gabe bada datu esanguratsu bat, Nadia Erostarbe zarauztarrak CS rankingeko lehen bost postuetako batean jarraitzen du. Bestalde, aurrerantzean irizpide berria erabiliko dugu atal honetan «euskal surflariak» izendatzeko. WSLk txapelketetan lehiatzeko ikurrina hautatu dutenak hartuko ditugu kontuan, horrela bandera espainola edo frantsesa hautatu duten euskal hiritarren nahia ere errespetatuko da. HUNTINGTON BEACH Kaliforniako hondartza famatuan olatuak txikiak eta ahulak izan ohi dira, baina aurtengoan metro bateko olatu politak ikusi ahal izan dira. Maiatzetik urrira bitartean egin ohi diren CS mailako sei txapelketetatik laugarrena izan zen Huntingtongoa, hortaz, beste bi txapelketa baino ez dira falta hurrengo urtean lehen mailara igoko diren bost neskak eta hamar mutilak izendatzeko. Horixe da bigarren mailan lehiatzen diren 80 mutil eta 48 nesken helburua, denboraldiaren amaieran rankingeko lehen 10 mutilen artean egotea edo lehen bost nesken artean egotea. Horretarako, lehiakide bakoitzak lortuko dituen lau emaitza hoberenak hartzen dira kontuan. Huntingtonen lehiatu ziren hiru euskaldunetatik emaitza hoberena Nadia Erostarbek eskuratu zuen, final erdietara iritsi baitzen. Zarauztarraren helburua rankingeko lehen postuetako batean egotea da eta orain artean bikain ari da, lehen bost postuetako batean baitago ia denboraldi hasieratik. Momentu batean seigarren postura jaitsi zen, baina berriz igo da. Orain arte egin dituzten lau txapelketetan bi bider iritsi da final erdietara eta beste bi bider final laurdenetara. Emaitza bikainak dira; denboraldi amaieran bosgarren postuari eusten badio hurrengo urtean lehen mailara igotzeko aukera izango du. Huntington Beachen lehiatu ziren beste bi euskal ordezkariak Ariane Ochoa bilbotarra eta Janire Gonzalez Etxabarri zumaiarra izan ziren. Ochoak libre geratu zen plaza bat eskuratu zuen lehiatu ahal izateko, baina ez zuen bigarren errondara pasatzea lortu. Gonzalez Etxabarri ere lehen errondan kaleratu zuten. Zumaiarrak aurten CS mailan lehiatzeko plaza eskuratu zuen, baina lesio baten ondorioz ezin izan zuen Australian egin ziren denboraldiko lehen bi txapelketetan parte hartu. Beraz, orain artean CS itzuliko azken bi txapelketetan bakarrik lehiatu da. Aurtengo CS itzulia amaitzeko bi txapelketa falta dira, Portugalgo Ribeira D’Ilhas eskuin olatu famatuan urriko lehen astean egingo dena eta urriaren 12tik urriaren 20ra Brasilgo Saqaurema hondartzan egingo dena. Bestalde lehen mailako zirkuituko azken bigarren txapelketa abuztuaren 20an hasiko da Fijjin. IRIZPIDE ALDAKETA Olinpiar Jokoak pasa direla baliatuta, aurrerantzean «euskal surflariak» izendatzeko irizpidea aldatuko dut. Lehen pertsonan idazten dut, irizpide hau soilik atal honentzat izango baita, gainontzeko kirol albisteetan, orain artean bezala, bestelako irizpideekin jarraituko dute. WSL txapelketetan surflari bakoitzak hautatzen du zein herrialde ordezkatu, beraz, soilik ikurrina duten surflarien berri emango dut, ez baita logikoa bandera frantsesa edo espainola hautatu dutenak eta ikurrina hautatu dutenak zaku berean sartzea. Orain artean “euskal hiritar” kontzeptua erabiltzen nuen Euskal Herrian bizi den edonor izendatzeko. Horrela, kirolariak bere burua frantses edo espainoltzat izatea ez zen kontuan hartzen. Olinpiar Jokoen aferarekin, ordea, abanikoa gehiegi zabaldu da. Adibidez, nahikoa zen Euskal Herriko ospitale batean jaiotzea “euskaldun” gisara aurkeztua izateko, baita gero bizi osoan Euskal Herritik kanpo bizituta ere. Irizpide oso lausoak erabili dira “surflari euskaldunak” izendatzeko. Irizpide berriarekin, gaizki ulertuak ekidin daitezke. Ez dago surflariaren arbola genealogikoa ezagutu beharrik, ezta non hazi den edo bizi den jakin beharrik ere. Surflariak hautatzen du nola izendatua izan nahi duen. Hau da, euskal hiritarrak izan arren, haien burua frantses edo espainoltzat dutenen izaera errespetatu behar da, eta baita bere burua euskalduntzat duenarena ere. Irizpide berri honekin Euskal Herrian bizi diren surflari asko kanpoan geratuko dira, baita euskaraz ongi hitz egiten duten surflariak ere, baina beraiek aukeratzen dute, kirolari bakoitzak hautatzen du nola izendatua izan nahi duen. ABUZTUANEuropan Qualifying Series mailako itzulia hasi da, Kalifornian Challenger Series mailako txapelketa garrantzitsua egin dute eta Championship Tourreko azken txapelketak heltzear dira. Beraz, lehen, bigarren eta hirugarren mailako txapelketak izango dira abuztuan. EUSKALDUNAKWSLko lehiaketetan surflariak hautatzen du zein herri ordezkatu. Ez ditut bandera frantsesa edo espainola hautatu dutenak eta ikurrina hautatu dutenak zaku berean sartuko eta soilik ikurrina duten surflarien berri emango dut. Horrela denen nahia errespetatzen da.