12 AOûT 2024 Surferako tutorialak Surflari ernegatua Modan daude. Norbait bideo labur batean surfa nola egin behar den azaltzen. Batzuk berrikusi ditut zutabe hau idazten hasi aurretik eta bi ondorio atera ditut. Bata, gehienak lotsagarriak direla, eta bestea, GARArekin argitaratu genuen “Uhinekin jolasean” lana inork ez duela gainditu, ezta egun dauden bitartekoekin ere. Irakurlea «txuloputa» bat naizela pentsatzen ariko da eta ziur aski arrazoi izango du, baina nik ere arrazoi dut. Inork ez du egin Zarauzko Surf eskolak egin zuena bezalako lanik, ez Euskal Herrian eta ezta Europa osoan ere. Irakurlea, alegia, zu, edozer gauzaren arrazoia ulertzeko diruaren pista jarraitzen duten horietakoa bada, zutabe hau nik neuk egindako produktuak saltzeko baliatzen dudala pentsatuko du, eta egia da, baina nik ez dut zentimo bat irabazten etxe honek argitaratu dituen bideo edo surf gidak saltzearekin, zeren egindako lanagatik ordaindu zidaten, nik horrela eskatuta, eta ondorioz, salmenta onak edo txarrak izan, nire irabaz saria berbera da. Beraz, “Uhinekin jolasean” bideoen propaganda egiten badut, benetan lagungarriak izan daitezkeelako da. Arazoa da DVD formatuan argitaratu genituela eta DVDak zaharkituak geratu direla. Hala ere, badira Youtuben gure bideoetako zatiak eta batzuek arrakasta izan dute. Adibidez, oinarrizko ariketen ingelesezko bertsioak 379.411 ikustaldi ditu, eta gaztelaniazko bertsioak (“Maniobras basicas del surf curso de surf”) 904.556 ikustaldi. GARArekin euskaraz argitaratu genuen bertsioa askoz ere hobea zen, irudi eta eduki aldetik, baina horren arrastorik ez dago Youtuben. Bideo txukunak egin genituen eta benetan baliagarriak izan daitezke edozein mailatako surflarientzat. Gu baino askoz diru eta baliabide gehiago dituztenek ere ez dute egin halako lan zabal eta osaturik. Ziur aski, bi arrazoigaitik: bata, sekulako lana delako, eta bestea, zer esan jakin behar delako. Eta hor ikusten dut arazorik handiena, ikusi ditudan tutorial gehienetan jakintza maila oso mugatua dela agerikoa da. Badira gauzak nahiko ongi azaltzen dituztenak, baina nola jakin zein den tutorial egokia? Eskaintza handiegia da txiripaz tutorial on bat hautatzeko. Aitzitik, tutorial batek ezin dezake ordeztu itsasoan irakasle batekin jasotako ikastaroa, baina hor ere arazoa berbera da, hainbeste eskola izanda, zein da egokia? Ez naiz galdera horri zehatz erantzuten ausartzen. Gainera, itsasoa eta gizakia hain dira gauza konplexuak, ezen eman daitekeen edozein aholku edo irizpide orokor beti orokorregia izango baita, batentzat balio duenak ez baitu beti beste guztientzat balio. Azken aldian galdetzen didatenei erantzuten diet garrantzitsuena olatuak eta aparrak hartzen ikastea dela, gainontzeko guztiak ez duela hainbeste inporta. Zutik nola jartzen garen, atzean zein oin jartzen dugun, flexioa egiteko eskuak egoki jartzen ditugun, eta abar. Horiek guztiak ikasteko denbora izango da, baina arraun egoki egiteko gai bagara eta edozein unetan edozein olatu hartu eta lehorrera irteteko gai bagara, ezinbesteko oinarria izango dugu; horrekin has dezake norberak, bakarrik, bere bidea. Badira gauzak nahiko ongi azaltzen dituzten tutorialak, baina nola jakin zein den egokia? Eskaintza handiegia da txiripaz tutorial on bat hautatzeko. Hainbeste surf eskola izanda, zein da egokia?