GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren uzkailtzeak


Musika estilo bat nagusitzen denean musika-kritikariek abaila hartzen dute euren artikuluetan azaltzeko. Adibide berrienetakoa kasu: “Trapak rockarekin bukatu du”. Kritikaria ospetsua bada eta joera- edo mugimendu-markatzailea, bidea egingo du, eta gainontzekoek hark esandakoa errepikatu baino ez dute egingo (alfa-kritikaria). Punkak sinfonikoa uzkaili zuela, heavyarekin AOR-ak akabatu zuela, trikiti tradizionala triki-popak erantzi zuela, euskal rock erradikalak erorarazi zuela euskal kantaldia, punka alboratu zuela ska tronpetariak, bluesa rockak erdibitu zuela. Autotuneak kantari klasikoa suntsitu duela... Jon Garmendia “Txuria”-k GARAko zutabean idatzi zuen ez dakiela nola zehaztu “aurretik” edo “lehenago” zer edo nola egiten ziren gauzak: «Ez dakit ‘lehen’ hori noiztik noiz arteko epoka den, ‘hainbeste’ zenbat den ez dakidan bezala». Nola esan daiteke zerk zer uzkaili duen oraindik ustezko uzkailtzaileak ez duenean ezabatu “lehenago” zegoena. Aurreko estilo guztien hondarrak ez dira itzaltzen ari diren azken hondarrak. Hondarrekin ondareak diren hondartzak egin daitezke. Urteak lehenago zer zegoen modan eta zer egun? Modak ere mailak ditu eta musikazale bakoitzaren araberako erantzunak ailegatuko zaizkigu. Rockaren historian zerk eragin zuen aldaketa? Eta beste musika estiloen historian zer izan zen eragilea? Gertaeren zerrenda bukaezina da. Detaile txikienaren ikuspegia da garrantzitsua.