16 AOûT 2024 Jaietako azken hondarrean dira Mañaria, Portugalete, Deba eta Laudio Bilbon Marijaiari ongi etorria emateko 24 ordu baino gutxiago falta dira. Bihartik aurrera festazaleen elkartze puntu handiena Bilbo izango da ziurrenik, Donostiako Aste Nagusia igaro ondoren. Hiriburuetatik at, ordea, bada zer gozatua Euskal Herrian. Mañarian, Portugaleten, Deban eta Laudion egitarau zabala prestatu dute. Laudioarrek plaza beteko dute, jaiei ongietorria emateko. Irudian, 2022ko txupinazoa. (Oskar MATXIN | FOKU) GARA BILBO Andra Mari egunaren bueltan ospatzen dituzte Mañariko jaiak. Asteazkenean hasi ziren Pitxitxi maskota herrira bueltatzearekin batera, eta bihar amaituko dira maskotaren agurrarekin. Orain arte Jai Batzordeak antolatutako askotariko jardueraz gozatzeko aukera izan dute mañariarrek. Musika, karta jokoak, gastronomia, kirola, haurrentzako jolasak... Agurraren aurretik, mozorroen eguna ospatuko dute gaur, hilak 16. Aurtengo gaia artea da. Horri lotuta bakoitzari bururatutakoa jantzi, eta festen azken egunari ekingo diote. Besteak beste, paella eta briska txapelketan parte hartzeko aukera dute, Pitxitxiri datorren urtera arte agur esan aurretik. Eta amaiera tristea izan ez dadin, erromeria izango da. PORTUGALETEN SANROKEAK Festa aurreko luzea izan dute Portugaleten, baina ez da makala izan sanrokeek ekarritakoa ere. Izan ere, ehundik gora ekimen eta 25 musika ekitaldik osatzen dute joan den asteazkenean hasi eta bihar amaituko diren festen egitaraua. Gaur, hilak 16, San Rokeren prozesioa, ohorezko aurreskua eta «herri bajaldiaz» gain, Euskal Jaia ospatuko dute. Hala, bikote mistoetan herri kirolen erakustaldia egingo dute Orube plazan, kale animazioa trikitilariekin eta odolki dastaketa ere izango dira. Azken egunean, bihar alegia, haurren bajaldia eta haiei bideratutako egitaraua izango dira nagusi. Eta hori dena gutxi balitz, egunero, haur parkea, Erdi Aroko azoka, familientzako antzerkia, musika animazioa, gazteentzako jolasak, kuadrilla arteko probak... izan dira. Bukaerako trakaren aurretik, nahi duenak oraindik azken egunaz gozatzeko aukera du. LAUDION, JAIAK BI ZATITAN Nahiz eta Laudiokoak ere sanrokeak diren, Ama Birjinaren egunean, atzo bertan hasi ziren. Dena den, haiek iragartzeko pregoia hilaren 14an irakurri zuen herriko gaitero taldeak. Ainize Gastaka alkatearen esanetan, aukeratuak izan dira herriaren «nortasun kulturalaren parte den tresna hori berreskuratzeko» taldea sortu izana aitortzearren. Festen lehen erdia bihar helduko da, eta, etenaldi baten ondoren, hilaren 21ean jarraituko dute abuztuaren 25a arte. Berritasunak dira apar festa, 5 eta 16 urte arteko herritarrentzako paellada beganoa eta Beldurrezko lehen ibilaldia; bihar egingo da hori. Etzi, berriz, lehen aldiz egingo da auto klasikoen, kirol autoen eta berezien elkarretaratzea. DEBAN, ZAPI GORRIA San Rokeri zapi gorria jantzi, txupina bota eta kanpaien errepikarekin festan murgildu ziren Deban, hilaren 14an. Aitzuri abesbatzak piztu zuen suziria bere 30. urteurrenaren eta egindako ibilbidearen aitortza gisa. Jaiak igandera arte izango dira Deban. Gipuzkoako kostako herriak zezenekin duen loturaren erakusgarri dira entzierroak, zezenketak eta enbolatuak. Gaur eta igandean, hilak 16 eta 18, zezenen aurreko korrikaldia egingo dute lehen orduan; bihar, aldiz, arratsaldean, zezen boladunekin. Atzo ospatu zen haurren eguna, eta haurrek ere aukera izan zuten karretoiekin. San Roke egunean, gaur bertan, santua agurtu ondoren, prozesioan joango dira ermitara, eta gauean Pirotecnia Vulcanok hondartzan egingo duen su festaz gozatuko dute. Biharamuna, Mariñel eguna, Kardantxulo kantuan hasiko dute, eta Larrain dantza herrikoiarekin amaituko da. Herri kirolen zaleek aukera aparta dute igandean. Berasaluze plazan aizkoran ariko dira Karmele Gisasola eta Kimetz Oñederra, eta harria jasotzen, Unax Iruretagoiena. Ondoren, Plaza Zaharrean, aizkoran, Iker Vicente eta Ugaitz Mugerza; harria jasotzen, Urdax Magunazelaia. Eta ia ordu berean, Arakistain plazan, Maddi Gesalaga eta Goizeder Abendibar harri jasotzaileen erakustaldia izango da. Gazte Asanbladak ere zenbait ekimen antolatu ditu, sanrokeetan zaletasun guztiei tokia egin eta jaiez gozatzeko. MAÑARIAFestei agur esango diete ostiral honetan Mañarian, mozorro egunaz. Aurtengo mozorroen gaia artea izango dute, eta paella zein briska txapelketa ere izango dira. PORTUGALETEEuskal Jaia ospatuko dute gaur Portugaleten. Herri kirolen erakustaldia, kale animazioa eta odolki dastaketa iragarri dituzte. DEBAOstiral honetan San Roke eguna eta biharko Mariñel eguna igaro ondoren, herri kirolen zaleen txanda izango da igandean Deban.