16 AOûT 2024 Zinema kritikariak? Gaizka IZAGIRRE Zinema kritikaria Zer da zinema kritikari bat? Kazetari espezializatu bat? Preskriptore bat? Idaztea edo komunikatzea maite duen zinemazale sutsu bat? Horietatik guztietatik apur bat agian? Ala batzuk dioten moduan, “zinema zuzendari frustratua” akaso? Zinema da nire pasioa. Sutsuki maite dut ofizio bihurtu den zinema kritikaria izatearen jardun hau, egunero deskubritzen ditudan izenburuak zuei gomendatzea -edo ez gomendatzea-. Zirraragarria da niretzat eta asko asebetetzen nau. Interneten gomendioak irakurtzen dituzuen horietakoak bazarete, kritika bera film edo telesail baten promozioaren beste adar bat bihurtu dela aspaldi ohartuko zineten ziurrenik. Nire ustez honek ezin du izan, ez behintzat azken boladan hartu duen norabidea ikusita. Sare sozialak sasi-kritikariz josi dira, TikToken, esaterako, gainezka daude: «Hau ikusi behar duzu, ikaragarria da, maisulana da…». Ez al zaizue iruditzen azkenaldian guztiz esajeratuak diren iruzkinez bete direla sare sozialak? Plataforma digital askoren sustapen estrategia nagusietako bat jarraitzaile ugari dituzten sortzaileei eduki bati buruzko iritzi baikorra -edo behintzat, ez hain ezkorra- emateagatik ordaintzea da; aurrestreinaldietara gonbidatu, opariak egin, egoa elikatu eta, horren truke, filmaren iruzkin positiboa sareetan. Lan hau biziki maite dugunontzat oso kaltegarria den joera iruditzen zait.