17 AOûT 2024 EIBAR Ipurua zalantzak argitzen hasiko da Prestaketak amaitu eta lehiarekin hasiko da Eibar. (SD EIBAR) Amaia U. LASAGABASTER Granada jaitsi berriak bere zelaian Albaceteren kontra galduz hasi zen denboraldia Bigarren mailan, aurrekoan egondako emozioek eta ustekabeek jarraipena izan dezaketela erakutsiz. Talde indartsu eta historiko asko -igo berri direnak barne-, kromo truke ugari, berdintasun nabarmena... Inkognitak ez dira falta futbol aldi hasieran. Zalantzak argitu behar dituztenen artean Eibar dago. Lehen mailara itzultzeko diseinatutako hiru-urteko plangintza ekainean hirugarrenez jarraian hartutako kolpeaz amaitu zen. Murrizketak egin behar izan ditu klubak eta eragina izan dute, besteak beste, joan-etorri asko izan dituen plantillan. Taldea gaztetu da eta esperientzia galdu du, baina ilusioa ekarri dute etorritako gazteek. Joseba Etxeberriaren esanetan, kalitatea mantendu da. «Gure asmoa da gure lanari esker helburua murriztu behar ez izatea», adierazi du entrenatzaileak. Asmoa errealitate bilakatzen saiatuko dira armaginak gaurtik aurrera, Castelloren kontra Ipuruan (17.00) jokatuko duten norgehiagokan, taldeak sailkapenean izango duen postuari buruzko galderen erantzunek epe ertain edo luzean etorri beharko duten arren. Epe motzean ez dira argitu beharreko zalantzak falta. Hasteko, ikusi behar da Juan Berrocal gaur Ipuruan izango den, Getafera doan bideko lehen urratsak eginda omen daude-eta, zurrumurruen arabera. Zelaira irtengo direnen artean, Etxebek ez du pista handirik eman hamaikakoa osatzeko duen planari buruz. Aurreratu duena da Eibar hau iazkoaren oso antzekoa izango dela joko aldetik. Hau da, «talde alaia izaten jarraituko dugu». Agian, futbolarien ezaugarri desberdinen ondorioz, «barruko joko pixka bat galdu dezakegu, baina etorri direnekin, batez ere azken laurdenerako, talde bertikalagoa, dinamikoagoa eta sakonagoa izan gaitezkeela uste dut». HELDU BERRIA Antzekoa esan daiteke Eibarrek gaur izango duen aurkariari buruz. Castelloren kasuan, orokorragoa da inkognita. Orain dela bi urte Bob Voulgaris jabeak martxan jarri zuen proiektu anbiziotsuari jarraituz, futbol profesionalera itzuli berri da taldea. Lehenengo egunetik argitzen hasi beharko du, jokoari dagokionez, nolako maila eman dezaken. Dick Schreuderen gidaritzapean, futbol erasokorra eginez lortu zuen igoera, eta denboraldiaurrean erakutsi duenak -emaitza potoloak lortu ditu, hogei goletik gora sartuz- ildo berari eutsi dio. Baina, alde batetik, jokalari berri dezenteren etorrera kudeatu behar du entrenatzaile herbeheretarrak eta, bestetik, exijentzia altuko maila honek planteatzen dituen zailtasunei nola aurre egingo dien erakutsi behar du.