GARA Euskal Herriko egunkaria
IRRIKITALDIA

HIL DA DONOSTIA bekataria, WELCOME TO SAN SEBASTIAN!

Tropa europarren laguntzarekin, Donostia betiko akabatu eta hiria bere onera itzuli du jende onak. Turista aliatuei, aurrerantzean, “welcome to San Sebastian”, edo ukitu indigena batekin: ongi etorri. Irrikitaldiak, Aste Nagusiaren osteko Piraten festa bihurrienak, Donostia parodia eta umorearekin aztoratu du beste urte batez.

Ordezkaritza zabala agertu zen Irrikitaldira, ohi bezala: Eneko Goia, Jose Ignacio Munilla, Loiolako militarra... (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Kaioek Piraten gorpuzkiak garbitu dituzte eta jende onak har dezake arnasa azkenean. Bestelako usain bat zuen atzo Donostiak: garbiagoa, depilatuagoa, puruagoa, heterosexualagoa. Eau d’Irrikitaldi, hau da postaleko hiriaren aroma.

Dotore eta distiratsu, mende bat atzera egin zuen hiriak, betiko ainguratuta behar lukeen belle époque-ko garai loriatsura. Agertu ziren irri egiten duten andreak eta orro egiten duten gizonak zortzi egunez Piratek asaldatu dituzten kaleak berreskuratzera, Donostiak Euskal Herriko hiribururik aspergarriena izaten jarrai dezan. Eskerrak garai eder hartako lurrinak dakartzaten ordezkariak dituen oraindik hiriak, Eneko Goia alkatea eta Jose Ignacio Munilla apezpiku erbesteratua adibidez, beste askoren artean.

Goia zuzendu zitzaien lehenik donostiar zintzoei, aitorpen bat egiteko. Aginteari eustea lortu du, justu, baina alderdia ahul dago. Kritikak ere jaso ditu, meme itxuran: “Goia, Donostiako pozoia”, eta gisakoak. Ezetzaren kluba, arratoien pare estoldetan bilduta, indartsu dago, eta wifiarekin. «Baina ez gara kikilduko!» zin egin zion alkateak Boulevard-eko kioskotik liluraz entzuten zegoen jendeari.

Hiriko bigarren alkate faboritoak -Odon Elorzaren atzetik beti-, tradizioari eutsiz, 2024ko Goia sariaren irabazlea iragarri zuen. «Euskadiren alde urte luzez lan egin eta gero jubilatu berri denari», adierazi zuen, eta Iñigo Urkullu agertu zen, publikoan zoramena eraginez. «Oso poza egin nago. Baina ez naiz jubilatu, jubilatu naute!» esan eta obrako hesi baten atzean gorde zen.

TURISTAK BAI!

Santa Maria elizarako paseo tradizionala egiteko Free Turra-ko gidari bat kontratatu zuen Udalak, eta berarekin batera egin zuten bidea, besteak beste, toreroak, Loiolako militarrak eta Munillak, serio-demonio igandetarrak bedeinkatzen. Basilikan, Free Turrako gidariak harrera egin zien hiritar eta turistei, denek ulertzeko lengoaian: «Welcome to San Sebastian!, ¡bienvenidos a San Sebastián! Eta indigenen hizkuntzan ere bai: ongi etorri a San Sebastián!»

Donostiako historiaren inguruan hitz egin zien perlazko belarritakoei eta mustatxa kiribilduei, oroituz nola garai batean hirian ez zen dirurik su artifizialak jaurtitzeko, ezta izozkien dendak jartzeko ere. Hiri pobrea zen, harik eta tropa europarrak etorri ziren arte salbatzera. «Alde Zaharrari sua eman eta San Sebastian dotore eta aberatsa eraiki zuten», gogoratu zuen, jendeak uda oro errepikatzen den altxamendua txaloz ospatu zuen bitartean: «¡Turistas sí, Piratas no!»

Hala ere, ohartarazi zuen oraindik ere geratzen direla autoktono batzuk, galzorian diren «hobbit»-ak, abuztuaren 31 kalean pintxoa jan eta ardo beltza edaten aritzen direnak. Horiek ez dira, baina, hiriaren etsaiak, turistek egiazko murgiltze-esperientzia bizi baitezakete haiei esker.

Egiazko etsaiak Aste Nagusian kaia okupatzen duten Piratak dira. Haien erruz bekatua ari du Donostian eta, horregatik, Irrikitaldia urteroko zita hutsezina da hiriko apezpiku ohiarentzat. «Hor daude jaietan homosexualak, lesbianak, bisexualak, transexualak… Eta okerrenak: Piratak!» gaztigatu zuen Munillak.

Berarekin batera, «Piratarik gabe, askoz hobe!» oihukatu zuten graziaz San Sebastian berriko bizilagunek, eta hartu zuten arnasa sakon, susmatu gabe estoldetan konspiratzen ari direla arratoi begibakarrak.