21 AOûT 2024 JOPUNTUA Epelak Maider EIZMENDI Kazetaria Bi han, bost beste hartan, bat han, hamar... Atxiloketen zenbaketa egin daiteke, baina ez erasoena, tamalez, jakin badakigu-eta gehiago izan direla. Ez da uda garaira mugatzen, ezta kalera edo festa girora, sasoi honetan fokua haietan jarria badugu ere; babes behar luketen tokiak, bizilekuak, epelak behar luketenak, dira indarkeriaren plaza nagusiak; ingurua, bera gehienetan. Hedabideen bitartez, apurka bustitzen duen zirimiria bezala jasotzen dugu indarkeria kasuen berri. Erasoei eta haiek sortzen duten gizarte erneguari oihartzuna ematen saiatzen dira hala, baina egitea bezain garrantzitsua da ondo egitea. Irakurri ditut, izan ere, emakumeen kontrako indarkeria kasuen kontaketa mugatuak, erdizkakoak, traketsak eta baita, tartean, salaketa bat jasotzeko modukoak direnak ere. Orain gutxi argitaratu den nazioarteko ikerketa baten arabera, esaterako, feminizidio kasuetan oraindik ere joera dago emakumeak errudun egiteko eta baita indarkeria bera justifikatzeko ere, zuzenago edo zeharka. Antza, zaila egiten zaigu indarkeria mota hau ulertzea eta «bestea» sortu behar dugu, guk ustez egingo ez genukeen hori egiteko gai dena, eta aldentzeko ahalegin horretan kontakizuna bera trakesten da. Urrutira joan beharrik gabe, Euskal Herrian bertan adibideak baditugu. Pasatu den urtean Orion edo Gasteizen gertatu ziren hilketek oihartzun zabala izan zuten hedabideetan, baina ezin da esan, idatzi, kontatu eta irudiz erakutsi zen guztia, lagungarria ez ezik, egokia izan zenik. Hedabide batzuetan biktimen eta haien ingurukoen irudia ez zen errespetatu eta, beste behin ere, erasotzaileekin epel agertu ziren, arazoari behar den tamaina eta oinarria eman gabe. Horretan, gainera, agintari batzuen adierazpenek ere lagundu zuten. Erasoaren intentsitateari erreferentzia egiten zion adierazpena irakurri nuen orain gutxi, eta nago ez ote den indarkeria matxistaren aurkako salaketa bera epeltzeko beste era bat, errepikatzen diren, mina egiten duten eta beldurtzen eta lotzen gaituzten erasoen aurrean erantzuna epeltzeko modua. Hedabide batzuetan biktimen eta haien ingurukoen irudia ez zen errespetatu eta erasotzaileekin epel agertu ziren, arazoari behar den tamaina eta oinarria eman gabe oinarria eman gabe