21 AOûT 2024 Johnny Depp Zinemaldira itzuliko da, 2021eko polemikaren ondoren Orain hiru urte sortutako polemikaren ostean, Zinemaldiak berriro Johnny Depp antzezle eta zuzendari estatubatuarra gonbidatu du jaialdira. Sekzio Ofizialean parte hartuko du, lehiaketatik kanpo, bere bigarren film luzearekin. Zinemaldiak Thierry Fremauxen «Lumière! L’aventure commence» emango duela ere iragarri zuen atzo, Emanaldi Berezien atalean, eta bi film batu dira New Directors sailera. Johnny Deppek Donostia Saria jaso zuen 2021ean. (Gorka RUBIO | FOKU) GARA DONOSTIA Polemikak polemika, Johnny Depp antzezle eta zinema zuzendari estatubatuarra Donostiako Zinemaldira itzuliko da irailaren 20an abiatuko den 72. edizioan. Orain hiru urte, hautsak harrotu zituen jaialdiak Donostia Saria eskainiko zion iragarpenak, noiz eta bere emazte ohi Amber Heardi eraso matxistak egitea leporatuta epaitegietan zebilen garaian. Kasuak nazioarteko sona eskuratu zuen, hainbeste non Netflixek telesail bat ere eskaini zion, eta Zinemaldiak gaia puri-purian zegoenean saritu zuen Depp. Erabaki polemiko honek soka ekarri zuen. Zazpi emakume elkartek komunikatu bateratua zabaldu zuten sare sozialen bidez, eta Donostian elkarretaratzeak egin ziren Depp saritu izana arbuiatzeko. Zinemaldiak, bere aldetik, erabakia defendatu zuen «errugabetasun presuntzioa» gatazkaren erdira ekarriz eta Deppen jardun profesionala eta pertsonala banatzeko ahaleginak eginez. Urak baretuta, Zinemaldiak berriz ere estatubatuarra Donostiara gonbidatu du, hark zuzendutako bigarren film luzea aurkeztera, eta ohorezko atalean egingo du gainera, Sail Ofizialean, lehiaz kanpo. ‘‘Modi - Three Days on the Wing of Madness’’ filmean, Riccardo Scamarciok Amedeo Modigliani artista plastikoaren papera jokatuko du, eta Stephen Graham, Al Pacino eta Antonia Desplatek osatzen dute aktore-zerrenda nagusia. Filmak «arteaz, maitasunaz eta arbuioaz hitz egiten digu, Gerra Handiak urratutako Paris hiriko kale eta tabernetan jazotako 72 ordu sutsutan oinarrituta», azaldu zuen Zinemaldiak. Oraindik ez dutena argitu zera da, Depp Donostian izango ote den filma aurkezten. FREMAUX, EMANALDI BEREZIETAN Beste iragarpen bat ere egin zuen atzo Zinemaldiak: Thierry Fremaux (Tullins, 1960), Cannesko zinema jaialdiko ordezkari nagusia eta Lumière Institutuko zuzendaria, Donostiara itzuliko da ‘‘Lumière!, l'aventure continue’’ lana aurkeztera. Film hau 2016ko ‘‘Lumière!, l'aventure commence’’ pelikularen jarraipena da eta, jaialdiak gogora ekarri zuenez, film hartan Fremauxek «pasioz eta umorez murgiltzen gintuen zinemaren sortzaileen unibertsoan barrena egindako bidaia batean». Lan hau 2017an ikusi ahal izan zen Zinemaldian; zehazki, Klasikoak saila ireki zuen urte hartan. HAMABI FILM NEW DIRECTORS ATALEAN Eta hirugarren eta azken iragarpena ere egin zuen atzo Zinemaldiak: beste bi film batuko dira New Director, film bat edo bi zuzendu dituzten zinema zuzendariei eskainitako atalera. Lehena, Piet Baumgartnerren (Dieterswil, 1984) ‘‘Bagger Drama’’. ‘‘Alle Werden’’ (2011) -Locarnon aurkeztua−, ‘‘Elite’’ (2013) eta ‘‘Inland’’ (2015) film laburrak zuzendu ondoren, iaz zuzendu zuen lehenengo film luzea, ‘‘The Driven Ones’’ dokumentala, Züricheko zinema-jaialdian aurkeztua. Zinemaldian bere bigarren film luzea aurkeztuko du, ‘‘Bagger Drama’’: alaba istripu batean hiltzen zaienean, egonkortasuna galduko duen familia baten istorioa kontatzen du. Bigarrena Sylvia Le Fanu (Londres, 1990) jatorri britainiarra duen zuzendari daniarraren ‘‘Min Evige Sommer / My Eternal Summer’’ da. Le Fanu ekoizpen daniarra duen film honekin estreinatu da film luzeen zuzendaritzan. 15 urteko neska gazte bat da protagonista, eta ama agurtzen igaro behar du uda, gaixotasun terminala baitu. Familia udako etxean elkarrekin egoteko azken nahia du amak. Le Fanuk Clermont-Ferranden, Indy Shortsen, Odensen eta beste zenbait jaialditan aurkeztu ditu bere film laburrak. FREMAUXCannesko zinema jaialdiko ordezkari nagusia eta Lumière Institutuko zuzendaria Donostiara itzuliko da. «Lumière!, l'aventure continue» lana aurkeztuko du. Film hau 2016ko «Lumière!, l'aventure commence» pelikularen jarraipena da, Zinemaldiko Klasikoak atalean eman zena.