21 AOûT 2024 EDITORIALA Legeen helburua ez da askatasuna eragoztea Duela 25 urte Sevillan, Munduko Atletismo Txapelketan, ekintza ikusgarri batek Estatu frantsesean eta espainolean zeuden 700etik gora euskal preso politikoen egoeraren berri eman zion munduari. Orduan Lizarra-Garaziko Ituna indarrean zen arren, artean urrun zegoen ETAren ekin armatuaren amaiera. 25 urte geroago nabarmen aldatu da egoera hori, zalantzarik gabe hobera, baina bilakaera onuragarri horren ondorioek euskal preso politikoei ez diete hain nabarmen eragin. Atzo, Sare Herritarrak azken 12 hilabeteotako espetxe bilakaeraren argi-ilunen berri eman zuen. Zenbaki ugari, baina baita testuinguruaren araberako zenbait datu ere, preso horien benetako egoera argiago sumarazten dutenak. ETA duela sei urte desagertu bazen ere, «haren izena erabiltzen segitzen dute konfrontazio sozial eta politikorako komodin gisa», dio Sarek. Izan ere, erakunde hori askotariko hainbat neurri ezartzeko aitzakia izan zen hainbat urtez, legezko eta legez kanpoko neurriak, guztiak ere salbuespenezkoak eta presoen eta euskal gizartearen eskubideak eta askatasunak murriztu zituztenak. Ez da horren aspaldi dispertsioa amaitu zela, eta oraindik indarrean daude salbuespenezko zenbait lege eta prozedura. Aurrerapauso uzkurren bat ere izan da azken hiru urteetan, baina ezin kezkagarriagoa da, esate baterako, adin handiko presoak izatea, batzuk 70 urtetik gorakoak, edo kartzelan hogeitaka eta are 30etik gora urte daramatzatenak. Sarek sumatu duenez, murriztu egin dira Fiskaltzak askatasunerako bidea oztopatzeko ezartzen dituen helegiteak; hala ere, gainerako presoen progresio proposamenei ezartzen dizkienen aldean, argia da diskriminazioa, legeen helburua askatasuna eragoztea balitz bezala. Ehundik gora euskal preso politiko erdi askatasunean edo baldintzapeko askatasunean izan litezke, soil-soilik salbuespenezko tratamendua baztertuz; horixe eskatu die Sarek Lakuako espetxe arloko arduradun berriei eta horren alde agertu izan da behin eta berriz euskal jendartea. Bizikidetzarako zalantzarik gabeko ekarpena izango da, eta hitzetik hortzera aipatzen duten legea betetzeko modu egokia.