23 AOûT 2024 Beti Ituñoren taldean! Gaizka Izagirre Zinema kritikaria Gehienok “Goenkalen” ezagutu genuen Nekane Beitia-ren rola jokatzen. Bizitza profesionala -eta pertsonala- aldatu zion izenburua 2017an iritsi zen: “La casa de papel”. Jauzi mediatiko horrek, ordea, bazuen alde ilun bat: gehiegizko esposizioaren arriskuak agerian geratu ziren. Are gehiago, irudi horren atzean dagoena emakumea, euskalduna eta gizarte- kontzientzia handiko pertsona bada. Itziar Ituñori buruz ari naiz, bai, baina zoritxarrez ez dut zineman egin duen lana soilik aipatuko; aktoreak jasandako boikot, irain eta eraso gutxiesgarriak nahitaez mahaigaineratu behar ditut. Mikrofonoa hartu eta zerbait esan edo aldarrikatzen duen bakoitzean, zenbait hedabide espainiar, eta ultraeskuin kiratsa darien hainbat sektore, berari erasotzeko gosez azaltzen dira segituan. Azkenak Bilboko Aste Nagusian esandakoengatik azaldu dira. Baina erasoen aurrean Ituño beti tinko ageri da, seguru, kementsu. Jaurti dioten zaborra saihesteko erakutsi duen gaitasuna eta ausardia miresgarriak dira. Askoz errazagoa eta erosoagoa izango litzateke berarentzat ezer ez esatea, bazter batean isilik geratzea, baina duen oihartzun mediatiko ikaragarri hori eskubide sozial, politiko eta kolektiboen aldeko mezuak jaurtitzeko baliatzen du. Itziar Ituño: eredugarria zara, eta ez bakarrik artista gisa egiten duzun lanagatik, dituzun giza balioak itzelak direlako. Beti Ituñoren taldean!