GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
IGOR MAKAZAGA
Donostiarrako entrenatzailea

«Buruari demostratu diogu zerbait handia egiteko gaitasuna dugula»

Sasoiko lehen bandera astindu du Donostiarrak Zarautzen. Makazagak garrantzia eman dio «bi egunetan Urdaibairekin lehian jardun izanari». Aspaldi honetan traineruaren «maila oso ona» izan dela adierazi du, baina estropadetan islatzea «kosta» egin zaiela. Sasoi «bete-betean» iritsiko dira Kontxara. Aurretik, bihar Ondarroan eta etzi Getarian lehiatuko dira.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

 

Asteleheneko lehenengo kafea Zarauzko kai-muturrean hartu zuen Igor Makazaga (Pasai Donibane, 1972) Donostiarrako entrenatzaileak. Bertan egiten du lan eta normalean eguerdi aldean joaten bada ere, astelehenean lehenengo orduan joan zen. Kafearen zapore mikatza gozatuko zitzaion sanjuandarrari, joan den asteburuan Zarauzko Ikurrina astinduta. Patxadaz erantzun ditu galdera guztiak.

Non eta Zarautzen lortu duzue sasoiko lehen bandera.

Kirolak gauza hauek dauzka, eta halaxe tokatu da. Ez da bereziki bilatu dugulako. Gure lanean eta gure prozesuaren barruan, astez aste aurrerapauso txikiak ematen joan gara, eta horrelaxe tokatu da.

Zer esan nahi duzu ez duzuela bereziki bilatu diozunean?

Ez dugula prestakuntza berezi bat egin astean zehar Zarautzen beste edozein estropadatan baino hobeto ibiltzeko. Hori argi eta garbi. Kontxa bai edukitzen dugula begiz jota, eta zerbait aldatzekotan betiere irailera begira egiten dugu denok. Zarautzen beti izaten da motibazio berezia, beti antzematen da giro desberdina eta beste zirrara bat du. Baina bestela egunerokoan ez dugu ezer berezirik egin.

Bi jardunalditara jokatzen den bandera irabazi duzue. Meritu bikoitza du?

Bi egunetan Urdaibairekin lehian jardun izanari ematen diot garrantzia. Lehenengo egunean azken olatua beraiek hartu zuten bezalaxe, bigarrengoan guk hartu izana; kasik epika puntu bat baduela ematen du, eta politagoa izaten da horrela denean, baina nik ez diot garrantzia handirik ematen. Gu ezer ez irabaztetik gatoz. Niretzat azpimarragarriena da lehia estu horretan, eta beraiek duten eskarmentua edukita, zenbat arraunlari dauden hainbat alditan Zarautz edo Kontxa irabazi dutenak, guk lehia horretan burua galdu ez izana edo gure arraunketatik atera ez izana. Horri ematen diot balioa.

Nola ikusi zenuen eskifaia?

Gure lanetik atera gabe. Hori da niretzat garrantzitsuena, nahiz eta ikusi zerbait garrantzitsua egiteko moduan ginela, uste dut beste estropada bat balitz bezala hartu genuela, eta gure lanean arreta handia jarri genuela. Hori ez egiteko akaso osagai asko zeuden, eta hori egin izana, gure lana ondo egin izana, inguruan genuen guztia, gertatzen ari zena, eta egoera hain estu izanda, gureari heldu izana, hori da garrantzitsuena.

Azkenaldian hainbatetan egin duzue bigarren. Bandera astintzeko burua hotz mantentzea falta izan zaizue?

Bai, dudarik gabe. Azkenean hori ere prozesu bat da. Askotan ez zaigu hainbestetan tokatu edo ez gara beti egon egoera horretan. Denboraldi hasieran ere, pattalago hasi ginen, eta bat-batean hor aurkitzen zarenean, urduri jartzen zara. Adibidez, joan den igandean genuen abantaila azken luzean. Zu aurretik zoaz, besteak ikusten dituzu, zurea egin beharra duzu... Baina atzetik joatea bakarrik ez, aurretik joatea ere kudeatu egin behar da, eta uste dut hori urte hauetan zehar, egoera horiek errepikatzen joan diren bezalaxe, ikasten hasi garen gauza bat dela. Aste bukaera honek konfiantza handia emango digu inflexio puntu bat delako, estres egoera horiek ondo kudeatu ditugulako.

Igandeko estropadako laugarren luzean, Arkaitz Diaz patroiak erabaki bat hartu behar zuen: istriborrera joan edo kaleari eutsi. Nola hartzen dira erabaki horiek?

Aurretik ni irteten naiz itsasoa ikustera, lehorreratzen naizenean hitz egiten dugu, eta kontatzen diot zer ikusi dudan. Egiten duguna da gerta daitekeenaren pelikula bat, eta adosten duguna da egin beharko genukeena, baina beti esaten diot: «Gero egin ezak nahi dukena». Alegia, gidoi horrek balio badizu ados, eta ez badizu balio, egin ezazu eskatzen dizuna edo sentitzen duzuna. Bagenekien azkeneko zati horretan azkarrago etortzeko aukera genuela lehenengo edo bigarren kaletik. Bigarren luzean ezin genuen gerturatu, baina laugarren luzean istriborrera joatea aukera bat zen. Arkaitzek [Diaz patroiak] oso ondo kudeatu zuen batik bat noiz joan. Gauza bat da esatea lehenengo kale aldera joatea komeni zaigu, eta beste gauza bat da noiz erabakitzen duzun joatea. Uste dut oso ondo aguantatu zuela azkeneko minutura arte, oraindik istriborrera gehiegi eman gabe, eta benetan behar izan zuenean, momentu egokian ontzia istriborrera eraman zuen. Eta uste dut tokatu zen olatu hori ere berak probokatutako maniobra dela.

Arraunlariak zoratzen zeuden bandera irabazi berritan. Zer lan dago amorruzko ospakizun horren atzean?

Lan asko dago. Momentu batzuetan gertu zaudenean, sei aldiz izan gara bigarren, bigarren izan garenean ere batzuetan urruti. Lekeitio dut buruan. Uste dut hamazazpi segundo atera zizkigutela, nahiz eta bigarren geratu. Beste batzuetan gertuago egon gara. Aurreko urteetan ere momentu batzuetan estutu ditugu, baina ez ditugu gainditu egun garrantzitsuetan. Halako ezin bat egoten da, eta ezin hori gainditzen duzunean, eta ikusten duzunean gai zarela halako egun seinalatu batean, halako estropada handi bat irabazteko, emozio handia sentitzen da. Poza baino gehiago, emozioa lehertzen da. Aitortu behar da akaso aurretik eta momentu jakin batzuetan ezina ere sentitu dugula, eta hori gainditzen duzunean, lehertu egiten da.

Horrek zer eragin zuen?

Irakurketak beti errealista izan behar du, baina erroka puntu bat ere eduki behar du. Egiten genuen irakurketa hau zen: Zierbenak Urdaibai pare bat aldiz gainditu zuen, baina gu orduan urruti ginen. Osatzen ari ginen ibilbidearen arabera, gertuago sentitzen ginen. Joan den igandera arte Urdaibai zen gainditu ez genuen talde bakarra, baina sentitzen genuena zen gertuago ginela. Alde batetik, hori errealista zen, eta bestetik, berriz, bazuen erronka puntu bat. Sentitzen genuen ez zirela gaindiezinak. Hortik etorri da momentua iritsi denean, egoki kudeatu izana.

Pazientzia behar da, baina itxarotea kosta egiten da.

Pazientzia da gauzarik konplikatuena, eta kirolean gehiago, baina eduki beharra dago. Halakoek zerbait erakusten baldin badigute da segi eta segi egin behar dela, ez dela etsi behar, eta norberak bere baliabideak eta duen potentziala eta talentua uste dut buruarekin atera behar dituela. Askotan pasatu zaiguna da astean zehar ematen genuela maila, aspaldi honetan esango nuke gainera beti oso ona izan dela, baina gero estropadetan gure maila ematea kosta egiten zitzaigun. Askotan nahiarengatik, desioarengatik edo irrika bihurtzen genuelako... Emozionalki hori kudeatzea izan da erronkarik garrantzitsuena.

Nolakoa izaten ari da sasoia?

Puf! Denetatik izan dugu. Batetik, geure buruari planteamendu berriak jarri genizkion. Gure irakurketa zen faborito bat zegoela gainerakoak baino koska bat gorago, eta besteok alternatiba ginela. Gu alternatiba kontsideratzen ginen. Fitxa bat mugitu beharra genuen; pentsatu genuen aurretik egiten genituen gauza batzuk, adibidez, material batzuen aukeraketan edo gure planteamenduetan edo entrenamenduak egiteko eran, gauzak gehiegi aldatu gabe, baina xehetasun txikiak aldatzen joan behar genuela, bide berriak esploratzeko. Bide berri horiek esploratze horretan, trabatu eta erori egin gara behin baino gehiagotan, eta zertan edo zergatik trabatu edo akats horietatik egindako zuzenketek eraman gaituzte pixkanaka hobetzen joatera. Arlo fisikoan, teknikoan edo emozionalean, erronka handiak izan ditugu, eta horiei egoki aurre egin diegu. Hortik etorri da taldearen hazkuntza. Taldea helduagoa da, talentua lehen ere bazegoen, baina heldutasuna hartzen ari gara.

Hirugarren postuan zaudete ligan. Postu ona da zuentzat?

Bai, azkeneko hiru urteak lehenengo lauretan bukatu dugu, eta asko baloratzen dugu. Badakigu nondik gatozen, badakigu zer maila den hau eta zein zaila den. Xedea hori da. Lortuko bagenu berriz lehen lau sailkatuetan bukatzea, laugarren urtea jarraian izango litzateke. Horrez gain, seigarren urtez jarraian ere lortu dugu banderaren bat irabaztea hutsik egin gabe; orain dela bi urte bizpahiru irabazi genituen, bestetan tantaka bat behintzat bai, eta hori ere oso garrantzitsua da. Hankak lurrean ditugu, badakigu gure helburuek harago joaterik ez dutela, baina buruari demostratu diogu gauza handiak egiteko gaitasuna badugula, eta ez diogu gure buruari mugarik jarriko, baina egiten ari garenari balio handia ematen diogu.

Datorren astean Kontxa. Sasoi bete-betean zaudete?

Bai, ez dakit zertarako balioko duen, baina horren zalantzarik ez dut.

Eta nola ikusten duzu?

Uste dut liga izan denaren ispilu ere izan daitekeela. Faborito nagusia Bermeo izango da, pentsatu hamasei estropadetatik hamabi garaipen lortu dituela, eta besteok alternatiba gara. Eta uste dut norbera alternatiba den aldetik, traineru bakoitzak bere gaitasunak dituela, desberdinak gara. Zierbena, Orio, Hondarribia, gu geu... Denak segur aski gure era desberdin batean, saiatuko gara faborito nagusia den hori gainditzen.

Bost ontzi zaudete ohorezko txandaren borrokan, eta bat lehen txandan ariko da.

Zerbait eskatzekotan, eskatuko nuke Bermeorekin txanda berdinean joatea. Ez dut zorteak laguntzea edo kaltetzea nahi. Hainbeste lan dagoenean atzetik eta, beti aipatzen dut erdaraz esaten den «día D, hora H» delakoa iristen denean ez dudala nahi ezerk laguntzerik, batik bat ez dudalako kaltetzea nahi. Beste aldean jartzen baldin banaiz min handia egingo lidakeelako. Gero tokatzen dena tokatuko da, eta tokatzen den bezalaxe jokatuko dugu. Joan den igandean laugarren kalea ere ez nuen nahi, eta azkenean estropada ona egin genuen laugarren kaletik. Kontxak badu hori, tradizioa da, eta tradizioak dio zozketa dagoela lehenengo egunean, horrek ere ematen du saltsa hori, guri ez zaigu hainbeste gustatzen, baina...

Ligan onena izan denak aukera gehiago ditu irabazteko?

Liga onenak irabazten du, eta Kontxa azkarrenak. Eta azkarrena Kontxan izan daiteke onena ez dena. Azkenean bi egun dira eta gerta daiteke. Horregatik Kontxa Kontxa da, eta izango da beti. Kontxak denoi min handia egin digu askotan, puntu horrek askotan puñala barruan sartu dizulako noizbait, baina poz handiak ere eman dizkigu. San Juanen azken bandera orain dela 25 urte irabazi genuen, hain justu San Juango lehenengoa ere orain dela 100 urte irabazi zen. Etxean biltzen garenean Gabonetan arraunak saltsa ematen du eta Kontxa beti mahai gainean dago. Orain dagoen lehiaketarik handiena liga da, baina ligak 20 urteko historia du, eta Kontxaren historia beste kontu bat da. Eta dituen berezitasun horiek, batzuetan justua ez delako ere, ematen dio beste estropada batek inoiz izango ez duen puntua.

Donostiarrak ez du inoiz Kontxa irabazi.

Donostiak bai, baina Donostiarrak ez. Proiektua berria da, 2008an sortu zuten. Orain dela bi urte bigarren geratu ginen ligan, eta mutiletan, behintzat, Kontxan Donostiak azken garaipena 50eko hamarkadan lortu zuen. 70 urte pasako ziren. Kontxako egunean etortzen garenean, igandea izango da, eta, beste edozein igandetan bezalaxe, orain aipatzen ari garen gauza hauetatik irten, eta bi luzetan gure onena egitera joango gara. Ea zer ateratzen den.