23 AOûT 2024 AZKEN PUNTUA Sentsazio termikoa Iker IBARLUZEA Meteorologoa Zenbatetan gertatu izan ote zaigu isurialde kantauriarrean 27-28 gradu egon eta gorputza makal sentitzea eta, aldiz, isurialde mediterraneoan 34-35 gradu egon eta beroa inolako arazorik gabe eramatea? Askotan, ezta? Ba sentsazio hori edukitzearen erantzule nagusia hezetasuna da. Gure kasuan, itsasotik sartzen den hezetasunak atmosferan ur-lurrun tanta gehiago edukitzea ekartzen du eta, hala, saturazio handiagoa eragitea. Horrekin, gure gorputzak izerdia sortzen duenean, izerdi hori ez da lurruntzen airean, gorputza motel eta itsaskor nabaritzen dugularik. Horrekin batera, gorputzak ezin du bere tenperatura ongi erregulatu, beroak erasateko aukera handiagoa dagoelarik. Bero lehorra denean, aldiz, airean ur-lurrun kantitate txikia dagoenez, gure gorputzak sortzen duen izerdia airean lurruntzen da, gorputzak izerdi berria sortzen duelarik eta, horrela, barne-tenperatura erregulatzen duelarik. Horregatik izaten du jendeak pertzepzioa isurialde mediterraneoan 34-35 gradurekin ez duela izerdi tantarik botatzen. Isurialde kantauriarrak gauza on asko du udarako baina, aldi berean, bero handiegirik ez da behar bertan gure gorputzaren sentsazio termikoa desatsegina izateko.