24 AOûT 2024 Europar Batzordea eratzear da eta ez da parekidea izango GARA BRUSELA Europar Batzordea eratzeko epea astebete barru amaituko da eta Europar Batasuneko 20 herrialdek baino gehiagok jada izendatu dituzte beraien hautagaiak. Batzordeak Ursula Von der Leyen izango du buru berriro, eta alemaniarrak ez badizkie gobernuei beste hautagai batzuk eskatzen behintzat, ez da parekidea izango hurrengo urteetako Europar Batzordea. Von der Leyenek hautatua izan zenean parekidea izango zela agindu zuen. Bi emakumek jada badute lekua, Von der Leyen berak eta Kaja Kallas estoniarrak. Beste hogei herrialdek bidali dute Bruselan beraien ordezkaria izango denaren proposamena; horietatik hamasei gizonak dira eta sei emakumeak. Beraz, geratzen diren bost herrialdetako (Italia, Belgika, Bulgaria, Portugal eta Danimarka) hautagaiak emakumeak balira ere, Europar Batzordeak 16 gizon eta 11 emakume izango lituzke, 2019an baino parekotasun txikiagoa izango luke, baina 2014an baino pixka bat hobea. BI IZENEN ESKAERA Guztiek entzungor egin diote Von der Leyenek egindako eskaerari: herrialde bakoitzak gizon eta emakume bana izendatzeko eskatu zuen. Ondoren berak puzzlea osa zezan. Bere lehen agintaldiaren hasieran funtzionatu zion taktika horrek: orain amaitzen ari den legegintzaldia 15 gizonekin eta 12 emakumerekin hasi zen eta oreka urratu zuen (14-13) Phil Hogan irlandarraren dimisioak Mairead McGuinness herrikideari lekua utzi zionean. Europako gobernuak ez daude legez behartuta berdintasunaren eskaera betetzera.