24 AOûT 2024 Historia (I) Estibalitz EZKERRA Literatura kritikaria Rashid Khalidiren “The Hundred Years’ War on Palestine” (Ehun urteko gerra Palestinaren aurka, 2020) euskaraz argitaratu berri dutela-eta gogora etorri zait historialariak “Brokers of Deceit: How the U.S. Has Undermined Peace in the Middle East” (Iruzurraren artekariak: Nola ahuldu duten bakea AEBek Ekialde Hurbilean, 2013) lanaren harira ikasle nintzen unibertsitatera egin zuen bisita. Hainbat palestinar bezala, diasporan jaio zen Khalidi, bere kasuan Amerikako Estatu Batuetan. Han egin zituen historia ikasketak, bere ikerketa-lerroa Palestinaren kolonizazio egoiliarra erraztu zuten faktoreen zein kolonizazio mota horren nondik norakoen azterketa izanik. Bisitan etorri zitzaigunean Palestinaren aldeko diskurtsoa ez zen bereziki indartsua Mendebaldeko mundu akademikoan, ezta bazterreko kontua ere, Khalidiren beraren garaian bezala. Ikasle zela Israeli kritikarik zuzentzea pentsaezina zen (gurean ere judu kolonoek hebreera berreskuratzeko ekimenek hainbat itsutu zituen); aitzitik, palestinarrei beraiei leporatzen zieten beren galeren errua, galerarik aitortzen baldin bazitzaien. Khalidiren aberkide Said-ek “orientalismo” izendatu zuen diskurtsoaren arabera, palestinarrak herri “atzeratu” bat baitziren haien lurraldeak kolonizatu zituzten judu europarrek errepresentatzen zuten “modernitatearen” ondoan.