24 AOûT 2024 EDITORIALA Urrats bat, erdibiderik ez duen konponbiderantz Iaz Hondarribiko alkateak harrera egin zion Jaizkibel konpainiari lehen aldiz eta kaleetan ez ziren agertu aurreko urteetako plastiko beltzak, alarde baztertzaileko zenbait kidek alarde parekidearen aldekoei bizkarra eman bazieten ere. Aurten ere Jaizkibel ez da alardean aterako; hala ere, manifestazio gisa gabe, konpainia gisa ateratzeko baimena eman dio Udalak. Erabaki hori alarde parekidearen aldeko borroka aurrera doan seinale da. Urrats garrantzitsua da eta pozteko moduko albistea, aurrerapausoa den heinean. Nolanahi ere, ez gaude inondik inora borroka horren amaieraren aurrean, oraindik ere hondarribiar guztiek ez baitaukate festan baldintza berdinetan parte hartzeko aukera. Joan den urteko eta batez ere aurtengo pausoak norabide onean emanak dira, jakina, eta esan liteke gero eta ziurtasun handiagorekin borroka hori irabaziko dutela erakusten duen beste zantzu bat dela. Hala ere, garaipen hori alferrik atzeratzen ahalegintzen ari dira, erdibideko akordio bat-edo lortu nahi izango balute bezala, eta ulertu beharko lukete ez dagoela eskubideen inguruko akordioa onartzerik, inoren eskubideen kalterako bada. Ez dago erdibiderik. Berdintasuna bada edo ez da, ez dago berdintasun handia edo berdintasun pixka bat, berdintasuna baizik. Beraz, ongi etorri Udalaren jarrera, baldin litekeen irtenbide bakarra argi ikusteko balio badu. Emakumeek jaietan parte hartzeko eskubidea dute, gizonezkoek duten berbera, ekitaldi guztietan, tabernan nahiz Alardeko konpainietan, inongo diskriminazio zantzurik gabe. Udala hondarribiar guztiena da, eta ez da zilegi herritarren borondatea aitzakia gisa erabiltzea haien parte baten eskubideak murrizten dituzten jarrerak babesteko. Herritarren erdien askatasuna trenkatzen dutenek oraindik denen Udalaren babesa baitute, eta Udalak denen eskubideak babestu ez ezik, bermatu ere egin beharko lituzke. Irtenbidea ezin argiagoa da bazterketa amaitzeko: alarde publiko bakar eta parekidea. Ez gaude borroka horren amaieraren aurrean, baina helmugara iritsiko da, zalantzarik gabe, eta zerbait lotsagarri bezala gogoratuko da, baina baita adore, kemen eta duintasun lezio bat bezala ere, eta hainbat emakumeri esker ona erakusteko motibo izango da; dagoeneko hala da.