GARA Euskal Herriko egunkaria
OSASUNA

Jagoba Arrasateren Mallorcari desoreka eragin eta lehen garaipena ospatu du

Ruben Garciak 55. minutuan partidako gol bakarra sartu aurretik, Greif atezainak merituzko hiru geldiketa egin zituen gorritxoen gola saihesteko. Talde iruindarrak merezimendu gehiago egin zuen, denboraldiko lehenengo garaipena erdiesteko.

Ruben Garciak egin zuen partidako gol bakarra. (Iñigo URIZ | FOKU)

Jagoba Arrasatek itzulera gazi-gozoa izan zuen Sadarren: gozoa, oraindik ere harmailetan harenganako miresmena handia delako -bere iritsieran hamarnaka zale hurbildu ziren aireportura, berriatuarrari harrera xume bezain hunkigarria eskaintzeko-, eta gazia, porrot bat jaso zuelako. Porrota, gainera, hein handi batean, merezitakoa izan zen, talde bakoitzaren merezimenduak ikusita.

Iniziatiba osoa gorritxoena izan zen, hegaletan dituen bi balek bisitariengan eragindako desoreka ederki baliatuz: Bryan Zaragoza batean eta Ruben Garcia bestean, atzeko hegaleko Bretones eta Aresoren ezinbesteko laguntzarekin.

Osasunak bi hegaletan dauzka bere jokoaren desorekatzaile handienak, erdialdeko euskarrien argitasunarekin batera. Aimar Orozek sinatutako partida bikaina izan zen, hainbeste ezen bere jaurtiketa baten aldaratzearen ondotik iritsi baitzen partidako gol bakarra, 55. minutuan. Ruben Garciari, une oro entxufatuta egon zenari, iritsi zitzaion baloia, boleaz jo eta Dominik Greif Mallorcako atezaina ezustean harrapatzeko.

Gorritxoek borroka gogorra izan zuten, hain zuzen ere, Greifekin. Merituak egin baitzituzten atea zulatzeko, baina beti eslovakiarraren eskuekin topo egin zuten. 18. minutuan, atzean izandako despiste baten ondorioz, Aimarrek jaurtiketa indartsu bat egin zuen, baina atezainak ongi desbideratu zuen. Hegan egin zuen Budimirren jaurtiketa kornerrera bidaltzeko 32. minutuan, eta Aimarren beste saiakera baten aurrean ere eskua ongi kokatu zuen, arriskua kanporatzeko. Aukera gehienek gorritxoenak izan ziren, joko azkar eta zuzenez, erdialdeko euskarriek hegaletara jokoa zabaldu eta areara bidalitako erdiraketez arriskua sortuta.

Mallorcari kostatu zitzaion Sadarreko zelaian eroso sentitzea. Arrasateren estiloari jarraiki, mallorcarrek ere hegaletatik sortu zituzten jokaldi arriskutsu gehienak, baina Herrera apenas sartu zen jokoan.

GOLAREN KONFIANTZA

Osasuna nagusi izan zen jokoan, baina izan zuen sufritzeko tarterik ere, ongi defendatu gabeko erdiraketa batean, lehen zatiaren hondarrean. Estrategia baliatu nahi izan zuen Mallorcak lehen zatiko azken kornerrean, eta Mojicak bigarren zutoinera bidalitako erdiraketa Takuma Asano japoniarrak errematatu zuen. Botez ezustean hartu nahi izan zuen Sergio Herrera, eta honi esker salbatu zen Osasuna. Kolpe latza litzakeelako atsedenaldiaren aurretik horrelako gol bat jasotzea.

Aldageletatik bueltan, Vicente Morenoren taldea izan zen Mallorcari kolpea eman ziona, 55. minutuan 1-0ekoa eginez. Area ertzetik atera beste ahalegin bat egin zuen Aimar Orozek -oso parte hartzaile, arriskuak hartzen, iniziatibarekin atera begira-, baina atzelari baten gorputzean jo zuen haren jaurtiketak. Aldaratzea, area barruan, Ruben Garciak hartu eta ahal zuen moduan errematatu zuen, Dominik Greifen irteera ezerezean utzita.

Konfiantza eman zion golak Osasunari, jada menderatua zuen partida baten aurrean markagailuan agintzen jarri baitzen.

Mallorcak azken minutuetan gehiago estutu zuen, puntu bat batzeko intentzioz. Dena dela, Osasunaren atzeko lerroak apenas sufritu zuen. Oraingoz behintzat, funtzionatzen du Vicente Morenoren joko moduak eta ez da gutxi, Iruñera iritsi berri den entrenatzaile bat izateko.