26 AOûT 2024 Izena Jon GARMENDIA Idazlea Sugar deitzen dela bere katua, eta iletsua bezain gozoa dela ohartu naiz. Ea persiarra den galdetu diot; berak ezetz, Euskal Herrikoa dela. «Arrazaz ari naiz, jatorriaz», nik; eta «hemen sortzen dena hemengoa da», berak. «Katu hau Maine Coon arrazakoa da, ez persiarra», zehaztu dit gero, agidanean AEBetatik heldu da. Orduan erran diot ulertzen dudala zergatik daraman azukrearen izena, eta harridura aurpegia jartzeaz bat, «azukrea?» erran du finki, «a zer txorakeria bota duzun!» erran nahi balit bezala. Sugar, Mikelats eta Atarabiren aita, Mariren senarra, suge itxura duena eta ekaitzak sortzen dituena, batzuk Sugoi deitzen diotela eta gogoratzeko gai izan ez naizen beste zenbait izen ere bai, amen; euskal mitologiaren kurtso intentsibo bat eman dit arrapaladan. Ezjakintasunarekin oroitu naiz, erran dut lehen. June iloba ekaina izan zitekeela etorri zait parera gero, eta Marie eta Gusen alaba Xane ahoskatuta biziki xiberotar gelditzen dela, baina Jane idatzita ikusiz anglosaxoien parajeetara joaten naizela. Magia hau ere badu gure hizkuntzak. Leognango Françoise lagunak alabari Ainhoa ezarri ziola Xaretako herri politarekin maitemindu ondoren, eta jadanik «Aitor» munduko edozein puntan sortutako haurrak darama soinean. «Izan» bezala. Eta han sortuta, hemengoak direla erranen nuke.