26 AOûT 2024 Surfing is not a crime Surflari ernegatua Liam Mahoney 28 urteko surflaria Belmar Beachen itsasoratu zen, New Jerseyko hondartzetako batean. AEBetako ekialdean kokatuta, olatuak txikiak izan ohi dira kostalde hartan, baina, olatuak hondartzatik gertu lehertzen direnez, surf egin ahal izateko nahikoa indar dute. Neguan tubo indartsuak sortzen dira. Abuztuaren 21ean ez zen tuborik, baina surf egiteko moduko olatuak zeuden. Itsasotik irten bezain laster, oraindik ur-jantzia kendu gabe zegoela, hondartzako bi polizia gerturatu zitzaizkion eta ordu zehatzetan hondartzan egoteko beharrezkoa den ziurtagiria eskatu zioten. Surflariak ez zuela gainean baina poltsan zuela erantzun zien. Hirugarren polizia bat agertu zen, zakil txiki, muskulu handi eta burmuin gutxi duten horietakoa. Ziurtagiririk ez zuelako atxilotuko zutela esan zutenean, eguzkia hartzen ari zen udatiar bat bere mugikorrarekin grabatzen hasi zen. Surflaria saiatzen zen azalpenak ematen, baina poliziak jaramonik egin gabe txiklea mastekatzen zuen, eskumuturrak bihurritzen zizkion bitartean. Bat-batean surflaria lurrera bota eta belauna lepoan jarri zion poliziak. Surflariak aurpegia hondarretan zuen eta gainean zuen poliziaz gain hondartzetako bi polizia ere gainean zituen. Azken hauek oso gazteak ziren, argalak ziren eta uniformea handi geratzen zitzaien; nabarmena zen soilik udako «lan bat» egiten ari zirela, baina, norbaiti uniforme bat ematen zaionean, badakigu zer gertatzen den. Hondartzan zegoen jendea kexatzen hasi zen, dozena bat polizia bildu ziren, jendearen kontra oldartu ziren, herritarrak etsaiak baitira, eta azkenean surflaria atxilotuta eramaten zuten. Bideoak oihartzuna izan du surflarien artean. Tina Scott polizia buruak bideoa egiazkoa dela aitortu du eta surflariari hiru delitu egozten dizkiotela gaineratu du, «ordena publikoa haustea, atxiloketari erresistentzia ezartzea eta justiziari trabak jartzea». Horrez gain, isun bat ere jarri diote hondartzako ziurtagiria bistan ez eramateagatik. Asko izan dira isun bat jartzea nahikoa zela nabarmendu dutenak. Baina kritika esanguratsuena Surfrider Foundationek egin du. Gertaeretan gehiegi sakondu gabe, «informazioa mugatua delako», elkarteak kezka azaldu du poliziak halako egoerak kudeatzeko indarkeria erabiltzen duelako, eta bide batez gaineratu du hondartzek «irekiak eta doanekoak» izan behar luketela. Elkarteak plazaratu duen agirian 80ko hamarkadan surf aldizkarietako iragarkietan sarri erabiltzen zen goiburua berreskuratu du: «Surfing is not a crime». Surfrider Foundation elkarteak plazaratu duen agirian 80ko hamarkadan surf aldizkarietako iragarkietan sarri erabiltzen zen goiburua berreskuratu du: «Surfing is not a crime»