29 AOûT 2024 Musikaren ikuspegiak Ritxi Aizpuru Musika argitaratzailea Demagun marrazkilari bati azaldu diodala kontzertu batean gertatutakoa (ez da borrokarik izan, ez). Dantza, pogo-dantza eta bi musu. Emakume biren arteko musu pasionala, lehena, listu trukaketa. Bigarrena, esoterismo eta erotismorik gabeko bi mutil gazteren arteko pa txepela. Azalpenen ondoren, zein perspektiba erabiliko duen galdetu diot marrazkilari trebatuari. Erantzuna izan da ikuspuntua perspektiban jartzeko, ikusmoldea argitzeko. Informazio gehiago behar duela. Galdetu dit pasioa nondik aztertzen dudan eta erotismo eza nondik behatu eta hausnartu dudan. Argitu ondoren pasioaren eta erotismo ezaren nire definizioa, perspektibaren adibidea marraztu du, ikuspuntua kontuan hartuta. Azalpen berberak eman ondoren “adimen artifizialari”, ikusi nahi dut horrek egin duen “lana”. Ez dut irrikarik irudi-marrazkiak ikusteko. Mugikorrean dut kontzertu horri dagokion argazkia. Nik ikusi ote dudan pasioa eta erotismo eza musuetan edo galbahetutako ikuspegi batetik ari naizen jakin nahi dut. Iritziak eman ondoren bi marrazkilariei (bizidunari eta artifizialari), argiki egongo al dira ateratako argazkitik gertu? Marrazkiak epai bihurtuko ditugu, bi epai desberdin. Iritziak epai bihurtzean al datza emaitza? Konfiantza. Iritziek sorrarazten digutena, epaiek ematen digutena eta emaitzek azaltzen dutena. Ikuspegiaren perspektiba kartesiarraren dilindan dabilena al da aukeraturikoa? Edo nondik ari gara begiratzen egunerokoa? Musika lirdingatsuak ezin digu ostendu astrapalaren ikuspegia. Agian preskriptoreek.