01 SEPT. 2024 ERREMONTEA Barrenetxeak Buruz Buruko finalerdia ziurtatu du Urriza 30-28 menderatu ostean Hernaniarra 27-20 galtzen joan da, baina markagailua erabat iraultzeko gai izan da 10-1eko partzial batekin, 71 minutuz luzatu den partida gogorrean. Endika Barrenetxea, pilota xisteran sartzeko unean, Urriza begira duela. (Andoni CANELLADA | FOKU) Asier AIESTARAN Endika Barrenetxeak finalerdia ziurtatua du erremonteko Buruz Buruko Txapelketan, Galarretan Javier Urriza 30-28 menderatu ostean. Azken urteetako bi espezialista handienek 71 minutuz luzatu zen partida bikaina jokatu zuten Hernaniko koliseoan. Barrenetxea 27-20 galtzen joan zen, baina azken txanpan markagailua iraultzeko gai izan zen 10-1eko partzial batekin. Hasieratik ikusi zen partida oso gogorra izango zela. Barrenetxea oso gogotsu jokatzen hasi zen, saketik hasita min egin nahian, baina Javier Urrizari aspaldiko mailarik onena ikusi genion, batez ere defentsan. Hernaniarrak sakez zuzenean tantorik egitea lortzen ez bazuen -6 izan zituen zuzenean eginak-, asko kostatzen zitzaion jokoan tantoa amaitzea, Urrizak pilota sinestezinak eraman zituelako. Hori bakarrik ez, partidaren erdialdetik aurrera, nafarrak azken hamarkada luzean Galarretan horrenbeste aldiz sinatu izan dituen erremate ikusgarriak ere egin zituen. Apurka-apurka abantaila gero eta handiagoak pilatzen joan zen, eta alde handiena 27-20koan iritsi zen. Une horretan ezinezkoa ematen zuen Barrenetxeak egoera iraultzeko gaitasuna izatea, bi pilotariak oso nekatuta sumatzen zirelako, baina argi geratu zen beste behin kirolean ezinezkorik ez dagoela. Gipuzkoarrak sakea berreskuratu eta pilota aldatu zuenean tantoak egiten hasi zen, markagailuko aldea murrizten, eta 27-27ko berdinketara iritsi zen sakez egindako tanto batekin. Hurrengo tantoan, ordea, pilotak kanpora alde egin zion eta ezin izan zuen markagailuan aurreratu. Horrelakoetan esan ohi da horixe izaten dela garrantzitsuena, aurretik jartzea. Baina atzo Barrenetxeak bigarren aukera bat izan zuen: Urrizak sakez falta eginda iritsi zen 28-28koa, Barrenetxeak sakez egindako tantoarekin 29-28koa, eta hernaniarrak ez zuen barkatu 30-28koarekin partida ixteko. LEHER EGINDA«Harrituta nengoen, Urrizak zer pilota eraman dizkidan ikusita. Eta eraman bakarrik ez, niri pilota zailak jartzen zizkidan. Baina urteek eta esperientziak horixe eman didate. Buelta asko bizi izan ditut, alde eta kontra. Ikasten duzu amaierara arte beti dagoela egoera aldatzeko aukera. Horretan sinistu dut eta gertatu egin da. Egia esan, Urrizaren aurka horrelako buelta bat lortzea oso gutxitan gertatzen den luxua da, eta oso pozik nago», adierazi zuen Barrenetxeak partida amaieran, leher eginda.