Maider EIZMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Errutina

Badira ospe txarra duten hitzak eta, segun eta zein balio gailentzen den une batean, okerrera egin dezake, gainera, haien famak. Horixe gertatzen ari zaio, nire ustez, “errutinari”. Aspertzearekin lotu ohi da, egunerokotasunean ekintzak behin eta berriz eta modu berean errepikatzearekin; eta horregatik, aisialdian edota gure ingurukoekin ditugun harremanetan zirrara, berritasuna eta abenturak goratzen ditugu, errutinatik ihes egiteko bideak, alegia. Bada, aitortu behar dut, nik errutina gustuko dut, gustatzen zait zein egunetan bizi naizen jakitea, patxada ematen dit, eta gorabehera zirraratsuan baino hobeto hartzen dut arnasa, sakonago.

Baina ez dago modan garaiotan, eta iraila iritsi eta berriz ere egutegiak eta ordutegiak osatu behar ditugulako izua eta ernegua sumatzen ditut, udak eskaintzen digun malgutasun horri uko egin ezinda bezala. Egia da etxe askotan egutegi eta ordutegi asko elkartu eta erkatu behar izaten direla moldatu ahal izateko, malabarismoak; baina, tira, ordutegi ezak ere makina bat buruhauste sortu ditu udan. Hala ere, errutinatik “deskonektatu” egiten dugu -erabat konektatuta hori ere- edo hori esan eta esan aritzen gara, behintzat, oporraldien nahitaezko baldintza gisa eta, jakina, gero berriz ere lotu ezina.

Errutinara itzultzeko nolabaiteko beharra sentitu eta nire burua epaitzen hasia nengoenean, irakurri dut sanoa dela. Hala frogatu dute, bederen, neurozientzian ari diren ikertzaile hainbatek. Etenaldia egin, atseden hartu eta ardurak apur bat alboratzea beharrezkoa bada ere, errutinak mesede egiten dio gure burmuinari; izan ere, behar ditu errepikatzen diren jarduerak; mesedegarri zaizkio, arreta gutxiago jartzea eskatzen diotelako eta trukean, sari gisa, dopamina isurtzen duelako.

Beraz, agian aldatu beharko genuke errutinaz dugun ideia eta ematen digun bertigoa. Beharbada, etengabeko zirrara bilatzera baino, egunerokoak estuasunik sor ez diezagun bideak eta estrategiak topatzera bideratu beharko genuke indarra.