GARA Euskal Herriko egunkaria

«Cola-cola bat zurekin», Frank O´Hararen bizitza, Beñat Sarasolak nobelatuta

Beñat Sarasola donostiarrak bere bigarren eleberria aurkeztu zuen atzo. Aitortu zuen gaztetatik izan dela Frank O´Hara poeta estatubatuarraren zalea, eta bere poema batek eragin zion galdera batetik abiatuz nobelatu du poetaren bizitzaren zati bat, 1959tik 1961era bitartekoa, hain zuzen ere.

Beñat Sarasolak bere bigarren eleberria aurkeztu zuen atzo, Donostian.. (Jon URBE | FOKU)

«Coca-cola bat zurekin hartzea are dibertigarriagoa da Donostia, Irun, Hendaia, Miarritze, Baionara joatea baino», hala dio Frank O´Hara poeta estatubatuarraren poema ezagunenetako batek. Eta poeta zein poesiaren zalea izaki, galdera bat pausatu zuen estrofa horretan Beñat Sarasolak: «New Yorkeko poeta batek zergatik aipatzen ditu Euskal Herriko hiri horiek?». Bere bigarren eleberrirako amua izan zen.

Atzo goizean aurkeztu zuen “Coca-cola bat zurekin” eleberria Sarasolak Donostian; «Poema bati idatzitako nobela bat da», aitortu zuen idazleak. Izan ere, 1959ko abuztuan hasi eta 1961eko irailean amaitzen den poetaren bizitzaren zatia ekarri du eleberrira. Leire Lopez Susako editorearen hitzetan, «benetako bitalismo bat, lagunekin eta inguruarekin konprometitutakoa» jasotzen du eleberriak.

Poetaren Euskal Herriko ibilien zergatia aurkitu zuen idazleak: 1960ko udaberrian, New Yorkeko MoMA museoko arte komisario gisa zuzendu behar zuen lehen erakusketa “Spanish Painting & Sculpture” izenekoa zen; Oteiza eta Chillida izan ziren erakusketa horretarako hautatutako artistetako bi, eta horien lanak bisitatzen izan zen Euskal Herrian. Komisariotza horren harira bisitatu zituen Madril, Bartzelona, Donostia eta Paris. Eta, hain zuzen ere, Donostiatik Pariserako bidaia jasotzen du eleberriari izenburua ematen dion poemak.

Lopezek azaldu zuen ildo ezberdinak jasotzen dituela liburuak, eta hiru aipatu zituen: MoMAn egin zuen Estatu espainoleko pintura eta eskultura berriari buruzko erakusketaren ingurukoak, batetik. Bigarrenik, Vicent Warren dantzariarekin sasoi hartan izan zuen maitasun harremana. Eta hirugarrenik, Oteiza eta Chillidaren ingurukoa.

ARTEA ETA MAITASUNA

Sarasolaren ustez ere bi zutabe nagusi ditu eleberriak, arteari lotutakoa bata: «Erakusketaren antolamendua, erakusketa bera eta ondorenak; hor kontu asko agertzen dira, tartean kontuan hartu behar da frankismoa artearen bidez nazioartean bere burua zuritzen saiatzen ari zela. Testuinguru politiko-artistiko bizi bat zegoen Espainian, baita Estatu Batuetan ere; espresionismo abstraktua deitzen den korrontea bizi-bizirik baitzegoen».

Bigarren zutabe gisa Vicent Warren dantzari kanadarrarekin bizitako maitasun istorioa aipatu zuen idazleak, «harreman oso sutsua, ez oso luzea, eta harreman sutsu gehientsuenak bezala, oso gorabeheratsua», zehaztu zuen.

Sarasolak kontatu zuen berak hautatutako poema ziurrenik Warren maitaleari eskainia izango zela, O´Harak beti idazten omen zion musa bati. «Poetaren bizitzako maitasun sutsuena» gisa definitu zuen bi artisten arteko harremana.

Pertsonaia asko agertzen dira eleberrian, artistak gehienak, baina protagonista O´Hara dela argitu zuen idazleak. Berarekin batera Warren ere pertsonaia nagusia dela kontatu eta hirugarren pertsonaia bat aipatu zuen, Joe LeSueur: «Urte luzetan O´Hararen pisukidea izan zen, segur aski gure kontzepzioetatik oso zaila da azaltzen beraien harremana, ze maitasunezko amorante-lagun modukoak izan ziren, baina hala ere, edo agian horregatik, urte luzetan lau etxe ezberdinetan bizi izan ziren, eta oso harreman interesgarria izan zuten».

DOKUMENTAZIO LANA

«Forma ez da edukitik banatutako zerbait hemen ere», azaldu zuen Lopezek eleberriaren formari erreferentzia eginez. Izan ere, forma eta estilo ezberdineko testuek osatzen dute nobela. Badira O´Hararen ibilerak erakusten dituzten pasarte narratiboak; badira Oteizak Montevideon egindako hilabeteei buruzko monologo bi, eta Gonzalez Robles arte komisario frankistaren beste monologo bat; koadroak aukeratzen ibili zen garaian O´Harak idatzitako “Spanish Diary” egunerokoa ere badago; antzezlan baten laburpena, poemak, gutunak…

Esanguratsua da eleberrian zehar argazki bidez txertatutako dokumentu errealak daudela, baita bestelako argazkiak ere. Egindako dokumentazio lanaren ondorio dira horiek, eta aurkezpenaren amaiera aldera, aitorpen txiki bat egin zuen idazleak, «liburu hau porrot baten ondorioa da» esanez. Saiakera literario bat idaztea baitzen bere hasierako ideia, baina literaturara eta fikziora jotzen zuen bere buruak, eta zenbait lagunekin partekatu ostean, eleberri forma hartu du; idazten, behintzat gozatua hartu omen du.