06 SEPT. 2024 NINA Mendeku-istorio bat baino gehiago Gaizka IZAGIRRE HERNANI Andrea Jaurrietaren lan hau 2024ko film aipatuenetarikoa izaten ari da; Malagako Zinemaldian, esaterako, Kritikaren Saria jaso zuen. Gaur bertan iritsi da Filmin-era. Protagonista nagusia, zinema beltzeko heroia bailitzan, Patricia Lopez Arnaiz dugu, Nina-ren pertsonaia antzezten. Hazi zen herrira itzuliko da, bizitza hondatu zion pertsonaz mendeku hartzeko. Bi denbora lerro erabiliz -iragana eta orainaldia-, Jaurrietak modu ausart batean hitz egiten du sexu-abusuari, traumari eta botere-abusuari buruz. Horretarako, egitura narratibo eta zinematografiko landuak eta oso sotilak erabiltzen ditu, zinema klasikoaren moldeak erabiltzen dituen western feminista moderno baten tankeran. Osagarri oso klasikoez baliatzen den arren, ez da klixeetan erortzen eta filmeko pasarterik garrantzitsuenak hitz egiten ez den uneetan loratzen dira. Erritmo nahiko geldoa duen filma da, baina beharrezkoa, pertsonaiaren arku dramatikoa gradualki garatzeko balio duelako. Istorio hau irudiekin kontatu behar zen, ez hitzekin, esaten ez dena baita garrantzitsuena, eta Jaurrietak bikainki egin du hori. Western klasikoetan paisaia eta kokalekuek duten garrantzia agerikoa da, eta hemen ere gauza bera gertatzen da; Bizkaiko Urdaibaiko agertoki ikusgarriek -filma Bermeo eta Mundaka inguruetan grabatu da- berezko nortasun bisuala eta narratiboa ematen diote istorioari, herrialde nordikoetako edota Ingalaterrako thriller dramatikoen tankerakoa. Lastima euskararen presentzia hutsala; azkenaldian Euskal Herrian filmatu diren ekoizpenetan gehiegi errepikatzen ari den joera kezkagarria da hau. Mendeku-istorio bat baino askoz gehiago ondu du Jaurrietak; oinazeari, barkamenari eta erredentzioari buruzko hausnarketa sakona da.