GARA Euskal Herriko egunkaria
LEKEITIO

Aitaren batean argitu du Peña-Zabaleta bikoak kanporaketetarako bidea

Hamahiru minutuan ehun pilotakada eskas gurutzatuta 11-1 aurreratu ziren, Lekeition, ezinean aritu ziren Larrazabal eta Rezustaren aurka.

Bikote ederra osatu zuten Peñak eta Zabaletak. (O. MATXIN | FOKU)

Jose Javier Zabaletak sanferminetan izandako lesioarekin, oker, oso oker, ekin zioten Peñak eta etxarrendarrak faborito nagusien artean sartu ziren Mastersari, baina atzelaria osatu eta aitaren batean argitu dute bidea. Aste honetan jokatu dituzten bi partidak irabazita -nafarrak jokatutako bakarrak- play-offetarako sailkatzea lortu dute, oraindik zehazteke dagoen bikote baten aurka, eta Nafarroa Arenara begira oso kontuan hartzeko bikotea direla gogorarazi diete gainerako parte hartzaileei. Bestalde, atzo Larrazabal alegiarraren ordez aritu bazen ere, Artola-Rezusta bikotea aurrera egiteko aukerarik gabe geratu da, Ezkurdia-Albisurekin batera.

Egia esan, aurtengo sanantolinetan Santi Brouardera gerturatu diren pilotazaleek ez dute askorik gozatzeko aukerarik izan, Mastersari dagokion partidetan bederen, ostegunean bezala, atzokoa kolore bakarreko partida izan baitzen. Ostegunean Laso-Arangurenek Jaka-Martija zortzi tantoan utzi zituzten, eta atzo Larrazabal eta Rezusta zazpi egiteko gai baino ez ziren izan Peña eta Zabaletaren aurka.

Estatistikek sarri egiaren zati handi bat ezkutatzen duten arren, atzokoa erraz uler daiteke partidaren fitxari begirada azkar bat emanda. Hasteko, deigarria da oso binakako partida batean aurrelarietako batek sakez egindako zortzi tanto izatea eta horiexek dira Peñari zenbatutakoak, nahiz eta hauetariko asko Rezustak erantzun gabeak izan zirela esatea ere egokia litzatekeen. Sakatzaile bikaina da tolosarra eta hala erakutsi zuen, baina bergararrari ikaragarri kosta zitzaion Lekeitiokoa bezalako frontoi batean pilotara jartzea eta hortik egin zien ihes, hein handi batean, partidak urdinei. Tarteka pilotakada onen bat ere jo bazuen ere, piloteoan ezinean aritu zen bergararra Zabaleta fresko baten aurrean.

Honek errematean eroso aritzeko aukera eman zion Peñari eta tolosarrak ez zuen hutsik egin. Larrazabal defentsan aritzera kondenatua egon zen eta izandako garapen ikaragarrian, hortxe du ikasgai nagusietako bat.